Memoria historikoa

Gerran hildako 21.000 pertsonaren datuak sarean jarri dituzte

Beatriz Artolazabal sailburuak esan du egitasmo horrekin «memoria partekatua, irekia, inklusiboa, kritikoa eta etikoa» sustatu nahi izan dutela.

Gogora institutuko arduradun eta ikerlariak, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko otsailaren 8a
17:52
Entzun

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak sarean jarri ditu 1936ko gerran hildako 21.000 herritarren datuak, eta Euskadin gerra zibilean hildako biktimak izeneko txostena argitaratu du datu base horretako emaitza nagusiekin. Biktimen errolda hori 2019an aurkeztu zuten lehen aldiz, baina, orain arte, hango datuak kontsultatu nahi zituztenek Gogora institutuaren egoitzara jo behar zuten. Aurrerantzean, datu horiek guztiak Gogora.euskadi.eus helbidean egongo dira.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek esan du datu base horren bidez «memoria partekatua, irekia, inklusiboa, kritikoa eta etikoa» sustatu nahi izan dutela: «bizikidetzarako memoria bat», hitz gutxitan.

Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza sailburuordeak gogora ekarri du orain arte ikerketa ugari egin direla 1936ko gerraren inguruabarrei buruz, ikuspegi askotatik eta mota askotakoak, baina webgune honekin «iraganera hurbiltzeko modu berri bat» proposatu nahi izan dutela, «pertsonengan oinarritua» eta «biktimak erdigunean» jartzen dituena.

Bi aldeetako hildakoak

Webgunean 20.970 hildakoren datuak jasotzen ditu: 1936tik 1945ra gerraren eta errepresioaren ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hildakoak, bai eta hiru herrialdeetako batean jaio eta kanpoan zendutakoak ere. Horietatik 13.283 faxistek eragindako heriotzak izan ziren, eta 7.687, berriz, Errepublikaren aldeko indarrek eragindakoak.

Fitxetan agertzen diren hildakoetatik gehienak, 19.962, gizonezkoak dira, 977 emakumeak, eta 31 hildakoren kasuan ezin izan da zehaztu sexua. Rodriguez Ranzek esan duenez, gerra guztietan emakumeak «ahaztutako biktimak» izaten dira, eta errealitate hori ere azaleratu nahi izan dute lan honen bidez.

Frankistek eragindako hildakoei dagokienez, 1.361 bonbardaketetan hil ziren; 991 gerra kontseiluen ondorioz exekutatu zituzten; 1.155 epaiketarik gabe exekutatu zituzten; 2.238 preso zeudela hil ziren; 91 nazien kontzentrazio esparruetan hil ziren; eta 7.204 borrokan hildako gudari edo milizianoak izan ziren.

Beste aldean, 75 pertsona errepublikanoen bonbardaketetan hil ziren, 19 exekutatu zituzten Euzkadiko Herri Auzitegiaren epai bidez, 971 judiziorik gabe exekutatu zituzten, eta 5.922 borrokan hildako matxinatuak izan ziren.

Artolazabalek esan du «legez eratutako erregimen demokratiko baten aurkako matxinadaku» ekarri zuela gatazka militarra; hala ere, hildako frankistak ere zerrendan jasotzeko erabakia defendatu du: «Gaitzesten ditugu haien ideiak, haien arrazoiak, haien proiektu totalitario eta antidemokratikoa, baina pertsonak, biktimak, gure historiaren parte ere badira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.