Emakumeak astronauta izatera animatu ditu ESAk aurki egingo duen lan deialdi baterako

11 urtean lehen aldiz, astronauta izateko deialdia egingo du ESAk, eta lau eta sei astronauta bitartean kontratatuko ditu. Zientzia ezagutzak izatea eta ingelesa jakitea dira baldintzetako bi.

Luca Parmitano italiarra, lan saio batean. STEPHANE CORVAJA, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko otsailaren 8a
18:12
Entzun

Europako Espazio Agentziak belaunaldi aldaketa bat gauzatu nahi du bere astronauta taldean, eta, horretarako, lau eta sei astronauta bitartean kontratatzeko lan deialdia egingo du aurki. 11 urtean egiten duen lehenengoa izango da, eta 1975ean sortu zenetik, laugarrena. Gaur jakinarazi duenez, belaunaldi aldaketaz gain, genero aniztasuna ere helburu jarri du, eta horregatik, batik bat, emakumeak animatu ditu deialdian parte hartzera. Martxoaren 31tik maiatzaren 28ra egingo du kanpaina ESAk.

Hautagaiek zientzia ezagutzak izatea da baldintzetako bat, eta ESAk adierazi du astronauta izateko adin tarterik onena 27 eta 37 urte artekoa dela. Ingelesa ere jakin behar dute hautagaiek, eta gero errusiera ere ikasiko dute, bi horiek baitira Nazioarteko Espazio Estazioan hizkuntz ofizialak. David Parker Giza Esplorazio eta Robotika zuzendariak gaineratu du aniztasuna elbarritasun fisikoak dituztenekin ere lortu behar dutela, eta esan du helburu horrekin abiatuko dutela Parastronauten Bideragarritasun Proiektua, baina xehetasun gehiago eman gabe.

ESAk ohar baten bidez jakinarazi du «Europa espazioaren esplorazio aro berri batean» sartzen ari dela, eta astronauta gazteek orain arte zeregin horretan izan diren astronautekin egingo dute lan. Gaur egun zazpi astronauta ditu ESAk, sei gizonezko eta emakumezko bat. 2009ko maiatzean hautatu zituzten, eta Danimarkakoak, Alemaniakoak, Italiakoak eta Erresuma Batukoak dira. Jan Worner orain arteko zuzendari nagusiak adierazi du Europa bere lekua egiten ari dela espazioaren esplorazioan eta deialdi hau «lehen urrats bat dela inoiz baino urrunago iristeko».

Hilaren 16an emango ditu ESAk lan deialdiaren xehetasunak. Maiatzean hautagaitzak aurkezteko epea amaitzen denean ekingo diote hautaketa prozesuari. Sei zati izango ditu denera, eta 2022ko urrian amaitzea aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.