Mendia

Hiltzat jo dituzte K2n desagertutako hiru mendizaleak

Juan Pablo Mohr txiletarra, Muhammad Ali Sadpara pakistandarra eta John Snorri islandiarra ostiral eguerdian ikusi zituzten azkenekoz eskalatzeko zatirik zailenean, Botila Lepoa deiturikoan. Said Sadpara espediziokideak adierazi du gorpuak aurkitzea dela orain erreskate operazioaren helburua.

Ali Sadpara alpinista, Alex Txikonekin batera, 2016an, Lemoan (Bizkaia). JUANAN RUIZ / FOKU
Andoni Imaz.
2021eko otsailaren 8a
20:58
Entzun

Erreskatea hiru egunez luzatu da dagoeneko, eta ez dute desagertutako mendizaleen berririk. Pakistango armadaren helikopteroak bila ari dira K2 mendian, munduko mendirik garaienetako bigarrenean (8.611 m). Larunbat goizean eman zieten abisua: Juan Pablo Mohr (Txile, 1987), Muhammad Ali Sadpara (Skardu, Pakistan, 1977) eta John Snorri (Olfus, Islandia, 1973) ez ziren hirugarren kanpalekura itzuli (7.300 m) bezperan gailurrera igotzeko egin zuten ekinalditik. Egunak aurrera doaz, eta susmoa hedatzen ari da: ez dute mendizaleak bizirik aurkitzeko itxaropenik.

Gaur, helikopteroak 7.000 metro inguruan aritu dira bila, baina arratsaldean eten dute erreskatea, eguraldia dela eta. «Bertan behera dago oraingoz. Agintariek erabakiko dute bihar jarraitu ala ez», adierazi dio Abu Zafar Pakistango Klub Alpinoko presidenteak Efe berri agentziari.

Said Sadparak, desagerturiko mendizale pakistandar ezagunaren semeak, eman zien hedabideei gertatutakoaren berri, hark ere espedizioan parte hartu baitzuen. Espedizioa Snorrik sustatu zuen, eta besteak hari laguntzen ari ziren. Gailurrera oxigenorik gabe igotzeko asmoa zuten. Ostiral gauean hartu zuten gorako bidea. «Botila Lepoa izeneko inguruan, ondoezik nengoen; oxigenoa falta nuen. Aitak eta biok ez geneukan botilarik. Aitak esan zidan Snorriren botila bat hartzeko, baina arazoak izan nituen, eta oxigenoa alferrik galdu zen. Jaitsi egingo nintzela erabaki genuen, eta hirugarren kanpalekuan itxarongo niela. Bost bat ordu behar izan nituen kanpalekura iristeko. Handik, kanpaleku nagusikoei eman nien abisua», kontatu zuen Said Sadparak. Orduak igaro ziren, eta ez ziren itzuli.

Egin dituen adierazpenetan, Said Sadparak azaldu du kideak ikusi zituela Botila Lepoa igarotzen, eta bistatik galdu zituenean, gailurrera bidean zihoazela. Ez dakite iritsi ziren ala ez, baina hark baietz uste du, eta beherako bidean ezbeharren bat izan zutela. Said Sadparak esan du erreskate operazioaren helburua gorpuak aurkitzea dela orain.

Ali Sadpara Pakistango mendizalerik ezagunenetako bat da. Zortzi zortzimilako igo ditu. Lautan igo du Nanga Parbat (8.126 m), beste inork baino gehiagotan. Neguan igoa du Pumori (7.161 m), eta bakarka bide berri bat egina du Spantiken. Zamaketari izan zen aurrena, altuerako xerpa gero, eta alpinista bilakatu zen azkenean. BERRIAk 2016ko abenduan egin zion elkarrizketa. «Pakistanen ez naiz inor berezia zortzimilakoak igotzeagatik», esan zuen orduko hartan. Lorpen historiko bat egin berri zuen, baina: Nanga Parbateko neguko lehen igoera, Simone Mororekin eta Alex Txikonekin batera.

Txikon, Manaslun

Txikon Manaslu mendiaren (8.156 m) beheko kanpalekuan dago egun. Handik hitz egin zuen Said Sadpararekin, eta jakin zuen Ali Sadpara espediziokide ohiaren desagerpenaren berri. «Gure bihotzak Ali, John eta Juan Pablorekin daude», idatzi zuen atzo Twitterren. Bera Manaslu neguan igotzeko espedizio betean da. Egun hauetan dira gailurrerako ahalegina egitekoak.

Aurten, K2 mendia albiste izan da, xerpa talde batek lehen aldiz lortu duelako neguan gailurrera iristea. Mendizale nepaldarrek historia egin zuten egunean bertan, baina, bestelako albiste bat ere gertatu zen: Sergi Mingote mendizale katalana hil zen, lehen kanpalekutik jaisten ari zela. Espedizio horretan, Mingoterekin batera zihoan Mohr, egun desagertuta dagoen mendizale txiletarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.