Zergak

Enpresa handienek etekinen %7,6 baizik ez dute ordaintzen sozietate zergan, ELAren arabera

Sindikatuak ondorioztatu duenez, 22 enpresa handienek %25eko zerga tasa ordaindu izan balute 2019an, 225 milioi euro gehiago bilduko lukete Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek 

Mikel Noval ELAko ikerketa bulegoko arduraduna eta Mitxel Lakuntza idazkari nagusia. FOKU
joxerra senar
2021eko otsailaren 9a
12:03
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 22 enpresa handienen kontu ekonomikoak eta ikuskaritza txostenak aztertu ditu ELA sindikatuak, eta ondorioztatu du batez beste etekin gordinen %7,6 baino ez zutela ordaindu 2019an. Dena den, ehuneko hori batezbesteko bat da, eta sindikatuak gaitzetsi du zenbaitek ez zutela «euro bakar bat» pagatu urte hartan: horien artean daude Petronor, Bridgestone, Tubacex, Pepsico, eta GKN. Egun, fakturazio handiko enpresentzat %25eko tasa dago sozietate zergan, eta hura ezarri izan balitz hiru foru ogasunek 225 milioi euro gehiago bilduko lituzkeela nabarmendu du sindikatuak. 

Datu orokor horiek ikusita, irmo mintzatu da Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia: «Hemen dagoen auzolan bakarra Eusko Jaurlaritzaren eta patronalaren artekoa da enpresa handiek zergarik ordaindu behar izan ez dezaten», adierazi du, Jaurlaritzak aipatu ohi duen auzolanari erreferentzia eginez. Haren hitzetan, enpresa handi horiek «euskal lobby» edo presio taldea osatzen dute, eta zerga arloa arautzen ari dira. «Etikoki eta sozialki onartezina da», salatu du.

Lakuntzaren arabera, «ez da batere albiste ona diru nahikorik ez biltzea osasungintzarako, zaintza sektorerako, hezkuntzarako edo enplegua sustatzeko». Horregatik, premiazkotzat jo du zerga erreforma abiaraztea. Bilerak eskatuko ditu Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin, hiru ahaldun nagusiekin, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin. Datozen hilabeteetarako ere mobilizazioak iragarri ditu.

Kutxabankek %4,6

Foru arauen arabera, 30.000 eurotik gorako zerga oinarria duten sozietateek %25eko tasa ordaindu behar dute, baina ELAk jakinarazi du 22 enpresa handienek batez beste %7,6 pagatzen dutela. ELAren datuen arabera, gainera, batezbesteko horretatik behera daude enpresa esanguratsuak: esaterako, Kutxabankek eta ITPk %4,6 ordaindu zuten 2019an; CIE Automotivek, %5,6; eta Aernnovak, %7,6. Halaber, Gasteizko Mercedesek %10,4 pagatu zuen, eta Euskaltelek, %11,1. Enpresa handien artean, bik %25etik gora pagatu zuten: Papresak, %27,5; eta Eurestek, %33. Amenabar eraikuntza enpresak, berriz, %22,7 ordaindu zuen, eta Olabarriako Arcelor Mittalek, %19,9. 

ELAk egindako salaketan nabarmentzen da enpresa esanguratsu batzuek ez dutela sozietate zergarik pagatu, nahiz eta urte hartan irabaziak deklaratu. Petronorrek 135 milioi euroko irabaziak aitortu zituen; Pepsicok, 16,5 milioi eurokoak; Bridgestonek eta Tubacexek, 11,5 milioi eurokoak; eta GKNk, 8,3 milioikoak. ELAk aztertutako kooperatiben kasuan, berriz, «ia ez dute zergarik ordaintzen»: Ampok ez zuen zergarik pagatu; Danobatek, %0,1; eta Irizarrek %4,9ko «ekarpen txikia» egin zuen, sindikatuaren arabera.

Inditex eta Iberdrola

Euskal Herrian jarduera handia izan baina zergak Espainiako erregimen komunean pagatzen dituzten enpresa handiei ere erreparatu die sindikatuak. Horietako bat da Iberdrola. 2019an 2.800 milioi euro inguruko mozkinak izan zituen, baina 36 milioi euro baino ez zituen ordaindu sozietate zergan; hau da, irabazi guztien %1,3. «Zerbaiten adibidea bada, jardunbide fiskal txar baten adibidea da», salatu du ELAk.. 

Inditex ere aipatu du. 10.400 milioi euroren irabaziak izan zituen 2019an, baina ez zuen sozietate zergarik pagatu: «Argi dago ez dela Amazon zergak ez ordaintzeko ingeniaritza fiskala erabiltzen duen enpresa bakarra. Inditexen jabe nagusi Amancio Ortegak erakundeei egindako dohaintzak erabiltzen ditu bere irudia garbitzeko. Hobe luke lortutako irabaziengatik zergak ordainduko balitu».

Zergak igotzeko tartea

Hori guztia ikusirik, ELAk uste du «tarte handia» dagoela enpresei ezarritako zergak nabarmen handitzeko. Etikoki ere, guztiz beharrezkotzat jo du euro bakar bat ordaintzen ez duten enpresa horiek euren ekarpena egitea zerbitzu publikoak eta gizarte babeserako sistema garatzen lagun dezaten. Lakuntzaren arabera, begien bistakoa da botere ekonomikoa eta politikoa bat datozela, eta erlazio horren jatorria azaldu du: «Ate birakariak eta zerga sistema txanpon beraren bi aldeak dira».

Batzar nagusietan eta Nafarroako Parlamentuan zerga erreforma eztabaidatzeko lantaldeak osatzea eskatuko dute, sindikatuen eta gizarte eragileen parte hartzearekin. Erreforma horri begira, sindikatuak planteatzen du sozietate zergan gutxieneko tasa erreala %25ekoa izatea. ELAk deitoratu egin du Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren edo Foru Aldundien borondate politikorik eza. «Haien esanetan, enpresek ezin izango lukete beren mozkinengatik zerga igoera jasan, eta datuek gezurtatu egiten dute hori». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.