Energia

Jaurlaritzak EH Bilduk proposatutako berme energetikorako legearen kontra egin du

Jaurlaritzak adierazi du proposamenari «errealismoa falta» zaiola. EH Bilduren arabera, lege ekinbide hori atzera botaz uko egin dio pobrezia energetikoaren arazoa konpontzeari.

Nerea Kortajarena eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideek aurkeztu zuten lege proposamena. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 9a
18:02
Entzun

EH Bilduk ongizate energetikorako eskubidea bermatzea helburu duen lege proposamen bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean, pobrezia energetikoaren kontzeptua gainditzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzak, ordea, horren aurkako txostena egin du. Adierazi dutenez, EH Bilduk egindako lege proposamenak ez du «aplikazio praktikorako beharrezkoa den errealismorik», eta, beraz, «kontuan hartzearen aurkako irizpidea» azaldu du.

Jaurlaritzaren arabera, aurkeztutako ekinbideak operadore elektrikoen eta gas operadoreen araubide juridikoari eragiten dio, «haien betebeharrei eta eskubideei eragiten die, eta arriskuan jartzen du kontsumoan, gizarte zerbitzuetan eta osasunean ditugun eskumenetan oinarritutako politika publiko propio berri baten diseinua». Gaineratu dute, euren ustez, posible dela gizarte ongizateko politika publiko eraginkor bat aplikatzea egoerarik ahulenean dauden kolektiboei laguntzeko.

Berehala erantzun dio EH Bilduk Jaurlaritzaren erabakiari, eta salatu du ekinbide hori atzera botaz uko egin diola pobrezia energetikoaren arazoa konpontzeari. «Sistematikoki egin ohi duen moduan, Jaurlaritza Ongizate Energetikoa Bermatzeko Lege Proposamena tramitatzearen aurka agertu da. Berak ez ditu neurriak hartzen norabide horretan, baina besteon proposamenak ere ez ditu onartzen. Emaitza? Egun 200.000 pertsona inguruk ez dute berogailua pizteko gaitasun ekonomikorik». Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, politika egiteko modu horren emaitza bistakoa da: «2008az geroztik pobrezia energetikoa areagotu da Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Ongizate energetikoari dagokionez, arrakala handitzen ari da gurean, eta orain arteko politikak eta neurriak ez dira nahiko errealitate horri erantzuteko. Datuen arabera, orain arteko politikak ez dira eraginkorrak izan».

Kortajarenaren hitzetan, «esanguratsua» da errealismo falta egotzi izana proposamenari: «Zergatik ez da errealista herritar guztiei oinarrizko baliabide energetikoetarako sarbidea bermatzea? Eskubide sozialen aitortzan errealismoa ekinaren ekinez lortzen da».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.