Europako Batasuna

EBren funtsen baldintzak onartu ditu Europako Parlamentuak

Dirua urtearen erdialdera arte ez da iritsiko.

Europako Parlamentua gaur. YVES HERMAN / EFE
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 10a
10:44
Entzun

Beste urrats bat egin du aurrera Hurrengo Belaunaldia planak. Europako Parlamentuak gehiengo handiz onartu du gaur goizean haren tresna nagusiaren araudia, Berreskurapenerako eta  Erresilientziarako Mekanismoarena (RFF, ingelesezko laburduran), Gehiengo handiarekin onartu dute eurodiputatuek: aldeko 582 boto, aurkako 40 eta 69 abstentzio jaso ditu.

Hurrengo Belaunaldia planaren 750.000 milioi euroetatik 672.500 milioi izango ditu RFFk. Diru horren erdia transferentziak izango dira —itzuli beharko ez den dirua—, eta beste erdia epe luzean itzuli beharreko maileguak. Diruaren zatirik handiena trantsizio energetikora eta digitalera bideratzea da asmoa. %70, hain zuzen, 2021ean eta 2022an banatuko dute, eta gainontzekoa, berriz, 2026ra bitartean.

Lehen diruak urtearen erdialdera dira iristekoak, oraindik prozedura asko egin behar direlako. Europako Parlamentuaren oniritziaren ondoren, Europar Kontseiluak onartu beharko du araudia (gobernuek), eta gero argitaratuko da EBren aldizkari ofizialean,

Parlamentuen oniritzia

Aldi berean, EBko 27 estatukideetako parlamentuek baimena eman behar diote Europako Batzordeari EBren izenean finantza merkatuetara jo eta bere burua zorpetzeko. Tramite hori bizkortzeko eskatu zien atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, oraingoz sei kidek baizik ez dutelako egin: Frantzia, Portugal, Bulgaria, Eslovenia, Zipre eta Kroaziak.

Ikusteko dago urrats hori erraz egiten ote duten parlamentu guztietan, EBren dirua baldintzekin iritsiko baita, eta batzuk ez direlako denen gustukoak izango. Izan ere, dirua ez da estatuetara iritsiko baldin eta ez badituzte Europako Batzordearen irizpideak eta helburuak betetzen.

Hasteko, estatukideek zehatz-mehatz azaldu behar diote Bruselari dirua zertan inbertitu nahi duten, eta zein erreforma egingo dituzten funtsak jasotzearen truke. Hemezortzi gobernuk dagoeneko bidali dituzte beren zirriborroak, baina xehetasunetan motz geratu direlako errieta egin die Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko lehendakariordeak. Eusko Jaurlaritzak 5.700 milioi euro eskuratzeko plana aurkeztu dio Espainiako Gobernuari, Euskadi Next izenekoa, eta horretan ari da Nafarroako Gobernua ere.

Behin plan zehatzak jaso ondoren, bi hilabete izango ditu Bruselak horiek aztertzeko eta erantzun bat emateko. Bi irizpide hartuko ditu kontuan. Batetik, dirua benetan erabiliko dela EBren lehentasunak finantzatzeko (trantsizio energetikora joan behar du gutxienez %37k, eta digitalizazioa handitzera beste %20k). Bestetik, dirua jaso nahi duten estatukideek bete egin beharko dituzte batzordeak egiten dizkien gomendio ekonomiko «guztiak edo kopuru handi bat». Hor gerta daiteke Bruselaren eta hiriburuen arteko talka, baten agendak eta besteenek ez dutelako beti bat egiten.

Espainiaren erreformak

Espainian, Europako Batzordearen bi gomendiok ematen dute zeresan gehien: pentsio sistemaren jasangarritasuna bermatzeak eta lan araudiak. Bi arlo horietan «EBk inposatuko dituen murrizketak» direla eta, EBren funtsei uko egin behar litzaiekeela argudiatu dute ELAk eta Kapitalari Planto plataformak. LABek ere kritikak egin dizkio.

Pentsio sistemak defizit handia pilatu du azken urteetan eta are handiagoa pilatu dezake urte gutxi barru, baby boom-aren belaunaldiek erretiroa hartu ahala. Erreforma martxan dago: zenbait irizpide zehaztu ditu Toledoko Itunak (Espainiako Kongresuko batzorde bereziak), eta horien gainean lege proiektu bat lantzen ari da Espainiako Gobernua. Madrilen helburua da erretiro aurreratuak zailtzea erretiroaren benetako adina adin ofizialera hurbiltzeko (67 urte, 2027tik aurrera), kotizazio urte gehiago kontuan hartzea pentsioaren zenbatekoa aintzat hartzeko, eta Gizarte Segurantzak bere gain hartzen dituen gastu batzuk aurrekontu orokorretara igarotzea. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko pentsiodunen hainbat taldek manifestazioak antolatu dituzte larunbat honetarako, erreforma horien aurka.

Lan araudiari dagokionez, Bruselaren azken azterketek nabarmendu dute enpleguaren egonkortasuna handitu behar duela Espainiak, behin-behineko kontratazio gehiegi dagoelako, Baina, aldi berean, ez du nahi 2012an eta 2013an indarrean jarritako erreformak bertan behera geratzea. Horien bitartez, kaleratzea merkatu egin zen, negoziazio kolektiboa ahuldu, eta enpresek aukera dute lan baldintzak beren kabuz aldarazteko. Erreforma horien puntu batzuk bertan behera utzi nahi ditu Pedro Sanchezen gobernuak, baina oraintxe negoziatzen ari da CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.