Zupiriak esan du murrizketak ez direla lehendakariaren «gutizia» bat

COVID-19ak eragindako osasun egoera oraindik ere «zaila» dela ohartarazi du, eta epidemiologoek emandako neurriei atxikita ibili behar dela.

2021eko otsailaren 10a
11:33
Entzun

Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak esan du COVID-19ari aurre egite aldera ezarri diren prebentzio neurriak eta murrizketak ez direla Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren «gutizia» bat. Euskal erakunde guztiak, oro har, izurriaren ondorioak samurtze eta kontrolatze aldera «direnak eta ez direnak» egiten ari direla nabarmendu du, eta erabakiak «beti» daudela oinarrituta epidemiologian aditu direnek emandako irizpideetan. Hortik aparteko biderik oraingoz ezin dela irudikatu gogoratu du, gainera, osasun egoera oraindik «zaila» dela argudiatuta. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean solastatu da gaur goizean Zupiria.

Atzo ostalariek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aldeko ebazpen bat jaso zuten, eta gaitzaren intzidentzia tasarik handieneko herrietan ere tabernak irekitzea lortu dute gaur horregatik; hizpide izan du ebazpena Zupiriak, eta ostalariek egin duten hautu hori bera beste kolektibo batzuek ere egitea arriskutsua litzatekeela gogoratu du: «Oso egoera zailera eraman gaitzake horrek». Adierazi duenez, ostalariek aldeko ebazpena jaso dute, eta horren aurka egiteko helegitea jartzea aztertzen ari da orain Jaurlaritza. Izan ere, gogoratu du badirela «ebidentziak» diotenak kutsatze arriskua nabarmen handitzen dela toki itxietan maskararik gabe ibilita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.