Mendia

Txikon igandean saiatuko da Manaslura igotzen

Eguraldi ona espero dute, eta horregatik egingo dute ahalegina. Gaurtik igandera bitarte arituko dira kanpaleku bakoitzera igotzen.

Txikon eta Moro, urtarrilean, Manasluko beheko kanpalekura iritsi zirenean. PHELIPE EIZAGIRRE, EFE
ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 10a
12:36
Entzun

Inoiz igo gabeko gorako bidea aurkitu ondoren, eta eguraldia ona izango dela ikusita, Alex Txikonen taldea asteburuan gailurra egiten saiatuko da. Horretarako, gau bakoitza altuerako lau kanpamentuetako bakoitzean igaroko dute.

Alex Txikon eta Simone Moro buru dituen espedizioa asteburuan saiatuko da Manasluko (8.163 metro) gailurra egiten. Zuhur daude, baina baikor. Eguraldiak laguntzen badie eta aurreikuspenak betetzen badira, igandean gailurrera iristen ahaleginduko dira. Hala azaldu du Txikonek berak lehen kanpalekutik abiatu aurretik.

Argi dute ez dela erronka erraza izango, azken asteetan hainbat gorabehera izan baitituzte: «Inoiz ez dakizu zer aurki dezakezun. Baina horretara etorri gara. Ahalegintzeko unea iritsi da. Indartsu gaude, oso motibatuta, eta gailurrera igotzeko ahalegina egin aurretik genituen helburu guztiak bete ditugu. Egia da arazoak izan ditugula. Igandean haize bortitza izan genuen: oinarrizko kanpalekua astindu zuen. Denda batzuk berriz muntatzera behartu gintuen horrek. Gainera, lehen eta bigarren kanpalekuen artean agertu zitzaigun errimaiak ibilbidea aldatzera behartu gintuen. Errimaia handia. Azken horrek inoiz egin gabeko gorako ibilbidea antolatzera behartu gintuen, baina badirudi, orain bai, aukera bat dugula», gaineratu du Txikonek.

Printzipioz, eta eguraldiak horretarako aukera ematen duen bitartean, asmoa gau bakoitza goialdeko kanpaleku bakoitzean igarotzea da. Txikonek, Cheppal eta Gelum xerpekin batera, gaur lehen kanpamentuan, bihar bigarrengoan, ostiralean hirugarrengoan eta larunbatean laugarrengoan egingo du lo. Morok, berriz, bihar egingo du bat taldearekin, bigarren kanpalekuraino zuzenean igoz. Atzo, berriz, Iñaki Alvarez, eta Kalden eta Namja xerpak abiatu ziren oinarrizko kanpalekutik, eta gaua lehen kanpalekuan egin dute.

Aurreikuspenak betetzen badira, igande goizean gailurra egiten saiatuko dira. «Gure onena eman beharko dugu, eta oso adi egon. Mendiak azterketa bat jarriko digu, azterketa fisikoa eta mentala, eta prest egon behar dugu. Gogorra izango da, baina prest gaude». Badirudi eguraldia «nahiko ona» izango dela. «Zerua estalita egon da. Baliteke elurra egitea gaur, baina ez dugu gauza handirik espero. Gehien kezkatzen gaituena haize boladak dira, nahiko gogorrak izan daitezkeelako. Ikusiko dugu haizea nola portatzen den. Itxaroten geunden aukera da. Altueran, haizea moteldu egiten da, eta nahiko motel egongo da igandera arte. Igandean mendebaldeko haizea ibiliko da, eta 7.000 metrotik gora haize horren eragina izango dugu», azaldu du Txikonek. Eta ondorengoa gaineratu du: «Ez dira hodeirik gabeko egunak izango, ostiraletik aurrera eboluzio hodei batzuk osatu ahal izango direlako, baina ez da prezipitazio handirik aurreikusten. Hori bai, ostegun goizaldean hotz handia egingo du, baina ostiraletik aurrera tenperaturak hobera egitea espero dugu».

Astelehenean, otsailaren 15ean, ordea, eguraldia okertu egingo da, ezegonkortasuna iritsiko da. «Aukerez hitz egin badezakegu, hau da horietako bat, zalantza barik. Saiatuko gara. Betiere mendiarekiko errespetu osoz eta pauso bakoitza ahalik eta gehien ziurtatzen saiatuz. Zoritxar larregi bizi izan ditugu aste hauetan. Oso une zailak igaro ditugu, eta lagun eta adiskide batzuk hil egin dira. Kirol hau, zoritxarrez, horrelakoa da. Dena ematen dizu, baina baita segundo batean dena kendu ere. Gailurra egiten saiatuko gara, eta, lortzen badugu, utzi gaituzten guztiei eskainiko diegu. Saiatzeko unea da», amaitu du Txikonek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.