Koronabirusa

SARS-CoV-2aren 2019ko azaroko arrastoak topatu dituzte Frantzian

Pierre-Louis epidemiologia institutuko ikerlariek koronabirusaren antigorputzak atzeman dituzte Frantzian 2019ko azaroaz geroztik egindako odol hartzeetan. Hamahiru pazientek eman dute positibo 2019ko azaroaren eta 2020ko urtarrilaren artean.

Test serologikoak, artxiboko irudia. NACHO GALLEGO / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko otsailaren 10a
13:07
Entzun

SARS-CoV-2a 2019ko azarotik ibili da Frantzian. Frantziako ikertzaile talde batek egin du hipotesia, eta araberako frogak bildu ditu. European Journal of Epidemiology aldizkarian eman dute ikerketaren berri. Diotenez, «agerikoa» da koronabirusa 2019ko azarotik hedatzen ari zela Frantzian: Wuhango (Txina) agerraldia baino lehenagoko arrastoak aurkitu dituzte, beraz. Izan ere, «lehen kasu ofiziala» 2019ko abenduan aurkitu zuten, Wuhanen. Ikerketaren arabera, ordea, hilabete bat lehenago, azaroan, jada Frantzian hedatzen ari zen koronabirusa.

Susmoa 2020ko maiatzean hasi zen hedatzen. Colmarreko (Rhin Garaia) ospitaleko mediku talde batek COVID-19a «gogora ekartzen» duten arrastoak atzeman zituen 2019ko azaroan ospitaleratutako paziente bati egindako biriketako eskaner batean. Ez zuten, ordea, azterketa biologikorik egin ahal izan hipotesia baieztatu ahal izateko.

2019ko azarotik, hamahiru positibo

Pierre-Louis epidemiologia institutuko ikerlariek Constances proiektua baliatu dute froga gehiago biltzeko. 215.000 herritarrek parte hartzen dute proiektu horretan, eta odol azterketak egiten dituzte erregularki ikerketa taldearentzat. Datu horiek baliatu dituzte institutuko ikerlariek koronabirusa atzematen duten azterketa serologikoak egiteko.

Aztertu dituzten laginak 2019ko azaroaren 4aren eta 2020ko martxoaren 16aren artean hartutakoak dira. 9.144 lagin aukeratu dituzte, eta birusaren memoria duten antigorputzak (IgG) bilatzeko test serologikoak egin dizkiete. Urtarriletik martxorako epean «uste baino kasu gehiago» atzeman dituzte ikerlariek. Baina deigarriagoa da atera duten bigarren emaitza: 2019ko azaroaren eta 2020ko urtarrilaren arteko epe horretan bildutako odol laginetatik hamahiruk erakutsi dituzte COVID-19aren antigorputzak.

Aztertu dituzten hamahiru pazienteei galdeketa egin diete gero Pierre-Louis institutuko ikerlariek. Gehienak pneumopatiaren bat zuten eriekin egonak ziren kontaktuan, edo munduan zehar bidaiatuak ziren, besteak beste Asiara.

Ikerlariek azterketa segitzeko asmoa dute, eta horretarako baliabideak bilatzen ari dira. Helburua 2019ko azaroa baino lehenagoko laginak aztertzea izango dute orain.

Orain arte, Frantzian baieztatutako lehen kasua abenduaren 27an ospitaleratutako paziente batena zen. Izan ere, garai hartan ezin izan zioten PCR probarik egin, baina gerora, apirilean, izoztutako laginak aztertu zituzten, eta positibo eman zuen. Lehen kasu ofiziala, momentuan test baten bidez egiaztatu zutena, urtarrilaren 24koa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.