Zeelanda Berria

Diputatu maori bat parlamentutik bota dute gorbata gabe joateagatik

Rawiri Waititi lepoko maori batekin joan zen Zeelanda Berriko parlamentura: «Gorbata da herrialde honetan gaizki egin diren gauzen sinboloa. Kontua asimilazio agendari aurre egitea da». Atzo utzi zioten parlamentuan sartzen, eta gaur eztabaidatuko dute araua aldatu ala ez.

Waititi, 'hei tiki'-a jantzita duela, herenegun, Zeelanda Berriko Parlamentuan. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 10a
17:11
Entzun

Asteartean, trajea jantzita baina maorien lepoko batekin agertu zen Rawiri Waititi Zeelanda Berriko parlamentura. Maorien Alderdiko diputatua, ordea, hemiziklotik bota zuen Trevor Mallard parlamentuko presidenteak: Mallardek berak aitortu zuen gorbata iraganeko kontua iruditzen zaiola, baina arauak betearazi behar dituela esan zion Waititiri. Hark, irteten ari zela, pentsatzen zuena erantzun zion: «Kontua ez da gorbata; arazo kulturala da».

Izan ere, Waititik gaur bertan Facebooken idatzi duen moduan, gertatu zenaren gakoa ez da gorbata: «Gorbata, hain zuzen, herrialde honetan gaizki egin diren gauzen sinboloa besterik ez da. Kontua asimilazio agendari aurre egitea da». Parlamentutik bota zutenean hedabideei azaldu zien jantzita zeraman lepokoa, hei tikia, gorbata baten baliokidea zela maorien kulturan. Orain, helburutzat hartu du gorbata eramatera behartzen dituen araua amaitzea. 

Atzo utzi zioten parlamentura itzultzen diputatu maoriari, eta parlamentuko arauak ezartzen dituen batzordea gaur gauean bilduko da gaiaren inguruan eztabaidatzeko. Waititik idatzi duenez, hori «garaipen txiki bat da maori guztientzat»: «Gure arbasoek nahi zuten moduan, geroz eta maoriagoa egin behar dugu Zeelanda Berriko parlamentua, gure herriaren askapena lortzeko». Milaka zeelandaberritarrek eman dioten babesa ere eskertu du.

Herritarren %17

Maori guztiek, ordea, ez dute bat egin Waititirekin. Peeni Henare Alderdi Laborista kide eta herrialdeko Defentsa ministro maoriak, adibidez, azaldu du berak ez duela gorbata janzteko arazorik, eta badituela lantzeko gai garrantzitsuagoak; besteak beste, maoriek etxebizitza lortzeko dituzten arazoak.

Zeelanda Berrian, gaur egun, Laboristak daude gobernuan, eta maorien kultura indartzeko neurriak hartu nahian dabiltza. Maoriak herrialdeko 4,9 milioi biztanleen %17 dira gaur egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.