Mendia

Juanito Oiartzabal erietxean da, pneumonia baten ondorioz

Koronabirusak eragin dio pneumonia. Arnasa hartzeko makina batekin egon eta gero, hobetzen ari da, baina azaldu du osatzea kostatzen ari zaiola, mendian izandako biriketako odolbilduak direla eta.

ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 10a
18:56
Entzun

Gasteizko Txagorritxuko erietxean dago ospitaleratuta Juanito Oiartzabal, koronabirusak eragindako pneumonia bat tarteko. Duela 15 egun atzeman zioten alpinistari COVID-19a, ebakuntza baten aurretik egindako test batean. Bost egun egin zituen etxean, baina "makal eta gaizki". Hala, ospitalera joan zen.

Arnasa hartzeko makina jarri behar izan zioten, eta pneumonia atzeman zioten. Kontuan izan behar da bi odolbildu izan zituela biriketan: bat,  2011n, eta bestea, 2016ean. Hain zuzen, Dhaulagiritik bueltan erietxean egon behar izan zuen horren ondorioz. Gainera, bertan behera utzi behar izan zuen hamalau zortzimilakoak igotzeko 2X14X8000 proiektua.

Oiartzabalek Efe albiste agentziari azaldu dio "zertxobait hobeto" dagoela. "Saturazioa hobetuz doa, baina, nire aurrekariak kontuan hartuta, kosta egiten ari zait buelta ematea. Zorionez, ez dut bestelako sintomarik". Lehen egunetan arnasa hartzeko makina batekin egon behar izan ostean, orain oxigeno maskara batekin dago, eta lau egun daramatza jan gabe; gazurarekin elikatzen da.

Duela aste batzuk iragarri zuen Oiartzabalek zortzimilakoak igotzeari utziko ziola, eta, BERRIAri eskainitako elkarrizketa batean, ondorengoa zioen uzteko erabakiaz: "Bizirik jarraitzea da nire zortzimilako onena". Uztearen arrazoia ere azaldu zuen: Aconcaguara joan nintzen 31. aldiz, eta ez nuen batere ondo pasatu. Konturatu nintzen altuera batetik gora oxigenoa falta zitzaidala. Izugarrizko nekea pilatzen zitzaidala ikusi nuen, eta han hasi nintzen erretiroan pentsatzen. Azken urte honetan konturatu naiz galtzeko gehiago nuela irabazteko baino. Negozioa nola dagoen gutxik bezala dakit, eta argi daukat oso sasoiko egon behar dela altuera horietan ibiltzeko".
 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.