Euskara

Euskarazko eredua eskainiko dute Antsoaingo haur eskolan

2021-2022 ikasturtean euskarazko adarra eskainiko dela jakinarazi dio udalak D eredua eskatzen aritu den plataformari.

Antsoaingo gurasoek 2019an udaletxean egin zuten protesta bateko irudia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko otsailaren 11
12:49
Entzun

Antsoainen Haur Eskola Euskalduna plataformak jakinarazi duenez, udalak jakinarazi berri die datorren ikasturtean euskarazko adarra eskainiko dutela bertako haur eskolan. Uztailean udalarekin elkartu zirenean baieztatu zien aukera hori, eta aste honetan ofizialki jakin dute. Ohar bidez eman dute albistearen berri, eta baita balorazioa ere: “Pozik gaude udalak hartutako erabakiarekin, urte luzez herriko haurrei herrian euskara ezagutzeko eta euskaraz hezteko eskubidea ukatu baitzaie”. Hiru urtez borrokan aritu direla gogoratu dute, eta argi utzi hori izan dela euskarazko eredua lortzeko gakoa: “Ziur gara mobilizaziorik gabe ez ginatekeela egoera honetan egongo”.

Antsoaingo udalarekin izandako bileran jakin dutenez, euskal adarra modu progresiboan ezarriko dute herrian. 2021-2022ko ikasturtean txikienekin hasiz, eta hurrengo ikasturteetatik aurrera 0-3 ziklo osoa D eredukoa izateraino. “Guri, herri egitasmoa martxan jarri genuen gurasoon haurrei, neurriak ez digu zuzenean eragingo. Baina guretzat une honetan garrantzitsuena hau da: herriari eta hurrengo belaunaldiei egingo diegun ekarpena”.

Era horretan, guraso berriak animatu nahi izan dituzte euskarazko adarraren alde egin dezaten eta D ereduan matrikulatu ditzaten seme-alabak. Azkenik, dei argia egin dute Nafarroa osoan D eredua lortzeko borrokan jarraitzeko: “Antsoainen aldaketa borrokaren bidez lortu da, Mendigorrian ere bai... Jarrai dezagun euskaltzaleok dagozkigun hizkuntza eskubideen aldeko domino efektua herriz herri hauspotzen”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.