'ZALDIBAR AUZIA'

EBren arabera, Jaurlaritzak ez zuen zabortegien zuzentaraurik urratu

Europako Batzordeak Europako Parlamentura bidalitako dokumentuan nabarmendu dute Verterrek ez ziela zabortegiaren egonkortasun arazoen berri eman agintariei

Hondeamakinak Zaldibarko zabortegian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 11
15:50
Entzun

Europako Batzordearen esanetan, Eusko Jaurlaritzaren teknikariek «erregularki» egiten zituzten ikuskaritzak iazko otsailaren 6an amildutako Zaldibarko Verter Recycling 2002 SM zabortegian (Bizkaia), EB Europako Batasunaren arloko arautegiari jarraikiz. Zaldibar Argitu plataformak, Ekologistak Martxan elkarteak eta Sallabente auzo elkarteak (Ermua, Bizkaia) eskatu zuten Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordean ikertu zedila ea administrazioek urratu ote zuten hondakinen edo zabortegien kudeaketari eragiten dioten EBko zuzentarauren bat. Auzia ikertu du batzordeak, eta ez du «identifikatu» zuzentarauen urraketarik agintarien aldetik.

Joan den otsailaren 3an igorri zion txostenaren bi orrialdeko laburpen bat parlamentuko eskaeren batzordeari, eta horretan nabarmendu du Verterrek, zabortegia kudeatzen zuen enpresak, ez ziola 2018ko ikerketa batek egonkortasun arazoez esaten zuenaren berri eman Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Laburpenean batzordeak gogoratu duenez, orain urte batzuk «isunak» jarri zizkioten enpresa kudeatzaileari, nahiz eta horiek ez zuten zerikusirik «istripuarekin».

Ez eskatzaileek, ez europarlamentariek ez dute oraindik dokumentazioa jaso. Ondoren, Europako Batzordeak txostenean emandako argudioei erreparatuta, Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak erabaki beharko du eskaerari segida eman edo hura itxi. Ixteko proposatu dezake, kontuan hartuta batzordeak ez duela zuzentarauen urraketarik identifikatu. Azkenean ixtea erabakitzen badu, Zaldibar Argituk eta Ekologistak Martxan-ek alegazioak jarri ahal izango dituzte. «Honek luze joko du», adierazi dio BERRIAri Bruselako iturri batek.

Espainiako Gobernuari Jaurlaritzak emandako informazioaren bidez osatu du txostena Europako Batzordeak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.