Klima

AEBek aztertu egingo dute klima larrialdiaren biktimei babesa ematea

Fenomeno horrek migrazioan duen eragina zehazteko eskatu du Joe Biden herrialdeko presidenteak.

Haur bat Thailandia hegoaldeko Ban Khun Samut Chinen. Klima larrialdiak itsasoaren maila igotzea eragin du han. R. YONGRIT / EFE
ander perez zala
2021eko otsailaren 11
18:20
Entzun

Klima larrialdiari loturiko auziak daude Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen agintaldi hasierako lehentasunen artean. Parisko Hitzarmenera itzultzea izan da lehen erabaki nagusia, eta orain migratzaileengan jarri du arreta agintariak, klima krisiak desplazatuetan duen eragina nolakoa izaten ari den zehazteko eskatu baitu. Horrek baldintzatuko du, besteak beste, AEBek horren biktimei babesa ematearen inguruko erabakia.

Egun, geroz eta lagun gehiago daude behartuta beren herrialdetik ihes egitera klima larrialdiaren ondorioz. Bidenen iritziz, arazo horretan arreta handiagoa jarri behar da, eta horregatik eskatu du ikerketa bat egiteko, sei hilabete iraungo duena; nazioarteko legediaren ikuspuntutik, klimarekin zerikusia duten migratzaileek ez dute babesik, eta, hortaz, zulo hori betetzeko asmoa du AEBetako presidenteak. Eta, horrekin batera, bere herrialdea klima krisiaren kontrako borrokaren nazioarteko gidaria izatea berriz ere.

Txostenak fenomeno horrekin zerikusia duen migrazioa aztertuko du, eta arreta jarriko du iheslarien segurtasunean eta atzerriko laguntza jasotzeko aukeran. Horrez gain, klima larrialdiagatik desplazatu behar izan diren norbanakoen «babes eta lekualdatze aukerez» ebatziko du.

2019ko datuen arabera, 24 milioi lagun izan ziren arrazoi horrengatik etxetik joan behar izan zirenak; 2011-2020ko hamarkadako batez besteko kopurua, berriz, 21,5 milioi izan zen urtero, CSIS Nazioarteko eta Ikerketa Estrategikoetarako Zentroaren txosten baten arabera.

Hori ikusirik, Bidenen administrazioak aztertu egingo du nola identifikatu, babestu eta lekualda daitezkeen klima larrialdiak zeharka edo zuzenean lekuz aldarazi dituen norbanakoak. Txosten horretatik aterako diren ondorioek eragina izan dezakete AEBek datozen urteetan izango duten atzerri politikan, besteak beste, klima larrialdiarekiko zaurgarriak diren eremuak laguntzeko prestasuna izatea baita aukera posibleetako bat.

AEBetako estatuburuak esana du bere herrialdearen «sinesgarritasuna eta aginte morala berreskuratu» nahi duela, «galdu egin baita erabat» azken urteotan.

125.000 errefuxiatura igo nahi du

Bidenen helburua da datorren urterako AEBek jasotzen duten errefuxiatu kopurua 125.000ra igotzea, eta kargua hartu zuenetik hona eragin dituen aldaketek gainontzeko herrialdeei presio egiteko balio izatea klima larrialdiaren kontrako borrokan.

Auzi horretaz, AEBetako presidenteak iragan astean adierazi zuen pausoak ematen ari direla «klima helburuak» bere diplomaziaren «parte» izan daitezen, eta herrialdeak orain arteko izandako «anbizioa handitu dezan».

Bidenek ahalik eta azkarrena hautsi nahi du Donald Trumpen aroa, presidente karguan bere aurretik jardundakoarena, eta horri begirako estrategia bat sustatu du. Klimaren kasuan, etxean, esaterako, bertan behera utzi zuen Keystone XL oliobidea egiteko baimena, Kanadatik AEBen hegoaldeko Texas estatura doan eta indigenen lurretatik pasatuko litzatekeen horrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.