Athletic 1-1 Levante

Dena erabakitzeko

Athleticek bana egin du Levanteren kontra, Espainiako Kopako finalerdietako joanekoan, San Mamesen. Melerok eta Iñigo Martinezek sartu dituzte golak. Martxoaren 4an jokatuko da itzulerakoa.

ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 11
23:41
Entzun

Airean. Halaxe geratu da Athleticen eta Levanteren arteko Espainiako Kopako finalerdia, bana berdindu baitute San Mamesen. Futbola justua ez dela esaten da batzuetan. Baina, oraingoan, zelaian ikusitakoa islatu du emaitzak. Izan ere, bi zati oso desberdin izan du neurketak. Lehen zatian, Levante izan da nagusi. Harena izan da jokoaren ekimena eta baloi jabetza. Bigarrenean, berriz, Athletic hobea izan da, kementsu eta adoretsu atera da, eta horrek eman dio berdinketa. Hiru aste barru erabakiko da kanporaketa. Etxetik kanpo gol bat sartzea beti izan ohi da abantaila txiki bat. Baina zalerik gabe jokatuta, dena aldatzen da, eta zuri-gorriek aukera guztiak dituzte apirilean bigarren final bat jokatzeko.

Marcelinok ohiko hamaikakoa zelairatu du. Hala, Muniain eta Raul Garcia hasieratik aritu dira. Zelai erdian jokalari gehiago pilatuz, Levantek hobeto ekin dio partidari. Jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza harenak izan dira, Athleticen zelaian jokatuz. Gainera, berehala erakutsi ditu zeintzuk ziren  neurketa irabazteko erabili nahi zituen kartak: sakon jokatzea eta geldikako jokaldiak. Melerok gertu izan du gola, Athleticen huts baten ostean. Baina epaileak bertan behera utzi du jokaldia, jokoz kanpokoagatik. Partidako lehen txanpan zuri-gorrien zelai erditik aurrerako jokalariak ia ez dira azaldu. Ia ez zuten baloirik. Eta hala iritsi zen Levanteren lehenbiziko gola, 26. minutuan. Melero bakarrik zen penalti puntuan, eta ezkerretik iritsitako erdiraketa bat baliatu du. Hala, gauzatu da zelaian erakusten ari zen nagusitasuna.

Presioan berandu iristen zen Athletic, edo Paco Lopezen taldea baino jokalari gutxiagorekin. Lehen zatiko azken txanpan zuri-gorriak hegaletatik erdiraketak eginez saiatu dira min egiten, batez ere Muniainen bidez. Baina gehiago izan da adoreari esker jokoagatik baino. Gainera, ez dute aparteko arriskurik sortu. Levante, berriz, ondo kokatuta zegoen zelaian, baloia berreskuratu eta kontraerasoan irteteko asmoz. Hala amaitu zen lehen zatia.

Beste itxura bat

Marcelinori ez zitzaion batere gustatu lehen zati horretan ikusitakoa, eta, hala, atsedenalditik bueltan Vesga, Unai Lopez eta Berenguer irten dira. Gainera, Muniain barrurago sartu du. Asmoa argia zen: zelai erdiari beste itxura bat eman, eta baloia edukita partidaren norabidea aldatzea. Eta artean izandako bi aukerarik argienak izan dituzte zuri-gorriek. Cardenasek ondo erantzun die Raul Garciak buruz eta Berengerrek penalti puntuan egindako erremate banari. Partidak beste itxura bat zuen, eta hala iritsi da berdinketaren gola. Muniainek korner bat atera du, eta, atzetik indartsu iritsita, Iñigo Martinezek sartu du gola. Eta, segidan, gertu izan zuen bigarrena Berenguerrek. Baina berriro ere ondo erantzun zuen Cardenasek.

Athleticek ordu erdi zuen beste behin partida iraultzeko. Baina hurrengo minutuetan, Moralesek gidatuta, jokoa geratu du Levantek. Horretan lagundu dio Bardhik. Eta zuri-gorriek lehen zatian egin duten bezala, erdiraketak eginez saiatu da Levante aurkariaren nagusitasuna gainetik kentzen. Hortik aurrera dezente berdindu da norgehiagoka. Levantek ontzat eman du berdinketa. Athleticek, berriz, baloia zuen, eta Carndenasen atera gerturatzen ahalegindu zen. Baina, minutuak aurrera joan ahala, zuri-gorriak ere nekea antzematen hasi ziren. Kopa eta Superkopa tarteko, Marcelinoren taldeak hainbat aste daramatza astean bi partida jokatzen, eta igarri egin zen. Hor amaitu zen partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.