Musika

Chick Corea jazzaren mitoa hil da, 79 urterekin

Pianista estatubatuarra 1960ko hamarkadan hasi zen, eta orain dela gutxira arte aritu da zuzenean jotzen. Jazz mugimendu ugariren parte eta eragile izan da.

Chick Corea, 2017an Wroclawn, Polonian, emandako kontzertu batean. MACIEJ KULCZYNSKI / EFE
mikel lizarralde
2021eko otsailaren 12a
08:45
Entzun

Erretiratzeko asmorik gabe segitzen zuen, «musikariak ez direlako inoiz erretiratzen», eta etorkizunerako ideiak eta proiektuak zituen artean buruan, erretiratzen ez denak beti duelako zerbait egiteko. Chick Corea musikaria izan zen bizitza osoan, 4 urterekin pianoa jotzen hasi eta atzo arte, eta musikari zela zendu da, 79 urterekin eta jazzak azkeneko 60 urteetan egin duen bidearen eragile eta lekuko pribilegiatua izanaren jakitun. Atzo gauean eman zuten  Corearen heriotzaren berri haren Facebookeko orri ofizialean: «Tristura handiarekin iragarri behar dugu Chick Corea hil dela, duela gutxi antzeman dioten minbizi forma arraro baten ondorioz». Orain dela oso gutxira arte aritu izan da Corea zuzenean jotzen, eta, horrenbestez, sorpresaz harrapatu ditu albisteak mundu osoko jazzaren zaleak.

Erreferente ezinbestekoa izan da Corea jazzaren mundu zabalean, eta musika estilo horrek 1960ko hamarkadaz geroztik hartu dituen norabide ezberdinen iturburuan izan da pianista estatubatuarra. Hain zuzen ere, 1960ko eta batez ere 1970eko hamarkadan jazzera rockaren eta poparen elementuak eraman zituen belaunaldiko parte izan zen Corea. Miles Davisen talde elektrikoko kide zela, historian arrastoa utzi duten bi disko grabatu zituen, In a Silent Way (1969)  eta Bitches Brew (1970), eta, ondoren, jazzaren garapenean ezinbesteko pisua izan zuen taldea eratu zuen: Return to Forever. Jazza poparekin eta bestelako herri musika batzuekin uztartuta, jazz fusioaren ardatzetako bat bilakatu zen Return to Forever, nahiz eta Coreari berari ez zitzaion gehiegi gustatzen etiketa: «Inoiz ez zitzaidan egokia iruditu jazz fusio etiketa Return to Foreverrentzat. Gaur egun proiektu hura definitu beharko banu esango nuke hard jazz-rock orkestrala egin genuela».

[youtube]https://youtu.be/ppUpj90YAFU[/youtube]

Chelsean, Massachusettsen (AEB) jaio zen Armando Anthony Corea, 1941ean, etorkin italiarren familia batean, eta oso gaztetatik izan zuen lotura musikarekin. Aitak —hura ere Armando—, tronpeta jotzeaz gain, jazz tradizionaleko banda bat zuzentzen zuen garai hartan Bostonen, eta oso txikitatik bultzatu zuen semea musika ikastera. Pianoarekin hasi zen 4 urte besterik ez zituela, eta 8rekin bateria ikasketak ere hasi zituen, nahiz eta gero perkusioa utzi eta teklatuan jarri zuen fokua. Nolanahi ere, geroago onartuko zuen perkusio ikasketa haiek eragin handia izan zutela bere pianoa jotzeko moduan.

Garaiko bebop mugimenduak astinduta, institutuan zegoela eman zituen bere lehenengo kontzertuak, eta 60ko hamarkadaren hasieran New Yorkeko Juilliard musika eskola ospetsuan ikasi ondoren, berehala hasi zen beste hainbat musikari ezagunen bandekin jotzen, besteak beste Blue Mitchell, Herbie Mann eta Cal Tjaderrekin. 1966an Stan Getzen laukotera batu zen Corea, eta bi urte geroago bere bakarkako lehenengo diskoa argitaratu zuen: Tones for Joan's Bones. Lan hari berehala eman zion jarraipena Now He Sings, Now He Sob Miroslav Vitous eta Roy Haynesekin grabatutako disko laudatuak, eta ia aldi berean Miles Davisen laukote elektrikoko partaide bilakatu zen. Davisen Filles de Kilimanjaro (1967) diskoko pare bat piezatan parte hartu zuen, eta In a Silent Way  eta Bitches Brew lanetan, berriz, berea izan zen pianoaren ardura. Bi disko haiek esperimentatzeko eta bide berriak bilatzeko ateak izan ziren tronpeta jotzailearentzat, eta Corearen lana, teklatu elektrikoan oinarritutakoa, ezinbestekoa izan zen haietan.

Hurrengo urteek berebiziko garrantzia izan zuten Corearen musika garapenean. 70eko hamarkada hastearekin batera, Circle sortu zuen, Dave Holland, Barry Altschul eta Anthony Braxtonekin. Musika atonalarekin eta abangoardiazkoarekin «jolasteko» eta, horrekin batera, publikoarekin konektatzeko helburu argiarekin, poparen, rockaren eta herri musikaren oihartzunak bilduko zituen jazz proiektua abiatu zuen: Return to Forever. «Publikoarekiko komunikazioa oso inportantea bihurtu zen orduan niretzat», onartu zuen Coreak urte batzuk geroago. «Aurkikuntza bat izan zen niretzat. Hazi nintzen pentsatuz zein inportantea zen pianoa jotzen disfrutatzea, baina erreparatu gabe horrek jendearengan zuen eraginari. Ordura arte ez nuen pentsatu entzuleekiko komunikazio horretan». 70eko hamarkadan jazzak hartutako norabidearen ordezkari nagusietakoa izan zen Return to Forever. Elementu akustikoak eta elektronikoak uztartu zituen, eta, rockera ez ezik, Latinoamerikako musiketara ere jo zuen inspirazio bila hainbat diskotan.

 

Haren talde proiektuek, hala ere, ez zuten Corearen denbora guztia hartzen, eta bakarkako bideari ere eutsi zion urte haietan. Hala, 1976an grabatu zuen My Spanish Heart, flamenkoarekiko maitasuna eta lotura erakusten zituen diskoa —gerora ere askotan erakutsi zuen Espainiako musikarekiko zaletasuna, eta behin baino gehiagotan egin zuen lan Paco de Lucia gitarristarekin—, eta hurrengo urteetan bestelako talde proiektuak ere abiatu zuen, jazza alde batera eta bestera eramanda: Trio Music, Elektrik Band, The Vigil, Origin...

[youtube]https://youtu.be/qpQvc5T8Oss[/youtube]

Jazz pianista oso laudatua izan zen Corea, eta 23 Grammy sari irabazi zituen bere bizitza osoan. Euskal Herriko jazz jaialdietan ere sarritan izan zen. Donostiakoan 1981ean jo zuen aurrenekoz, eta 1998an jaialdiaren sari nagusia irabazi zuen. Orain dela hiru urte, 2018an izan zen azkenekoz Corea Donostian (Kursaalean), eta jazz elektrikoaren eta jazz fusioaren ordezkaririk behinena izanda ere, ordukoan formatu akustikoan aritu zen Corea. Gasteizko Jazzaldian ere behin baino gehiagotan jo zuen, besteak beste Paco de Luciarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.