Indarkeria transfoboa

Adingabe transexual bati eraso egin diotela salatu du Naizen elkarteak

Lau adingabek transexuala izateagatik iraindu eta jo egin zuten, Iruñerriko parke batean. Salaketa jarri dute lesioengatik eta gorroto delituagatik.

Naizen elkartearen aurkezpen ekitaldia, 2019an, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko otsailaren 12a
10:09
Entzun

Transexual adingabeen gurasoen Naizen elkarteak salatu du taldeko ume bati eraso egin ziotela joan den igandean, lagunekin jolasean ari zela. Bertze lau adingabek egin zioten eraso, Iruñerriko parke batean: transexuala izateagatik iraindu zuten, eta lurrera bota eta ostikoka aritu zitzaizkion. Umearen senideek salaketa jarri dute Foruzaingoan, lesioengatik eta «gorroto» delituagatik.

Eraso horren ondorioz, haurra kalera irteteko beldur da orain, erasotzaileekin topo egin dezakeelakoan, Naizen-en arabera. Elkarteak adierazi du edozein pertsonari egindako eraso guztiak gaitzesten dituztela, baina elkarteko haur transexualek «sarriago» jasaten dituztela holakoak, «eurak direna izateagatik».

Era berean, pertsona transexualen aurkako gorroto mezuak gaitzetsi dituzte: «Gure seme-alabak ukatzen dituzten argumentu horiek guztiek hegoak eta legitimazioa ematen diete pertsona transexualak zuzenbide subjektuak ez direla uste dutenei», esan dute ohar batean.

Azaroan, beste eraso bat

Joan den azaroan, beste salaketa bat egin zuen Iruñeko emakume gazte batek, 19 urteko Eva Bildosolak; Bartzelonan eraso egin ziotela salatu zuen sare sozialetan. «Trabesti zikina» eta «munstro» irainak bota zizkioten, garrasika, eta heldu egin zioten, bi ukabilkada eman zizkioten aurpegian, eta ostikoak eta bestelako kolpeak eman zizkioten gorputzean. Hark ere salatu zuen, hain zuzen, trans ugarik jasan behar izaten dituztela gisa bereko erasoak. «Nik ez diot kalterik egiten inori, ez duzue eskubiderik hori egiteko». Transfobia gelditzeko eskatu zuen. «Ez dut bihar hil nahi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.