Myanmar

Myanmarko junta militarrak amnistia eman die 23.000 presori baino gehiagori

Urtarrilaren 31 baino lehen zigortutako presoei eragingo die neurriak. 

Hainbat herritar protestan, gaur, Yangoneko kaleetan. LYNN BO BO/ EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko otsailaren 12a
10:51
Entzun

Myanmarren otsailaren 1ean estatu kolpea eman zuen armadako buru Min Aung Hlaingek amnistia eman die herrialdeko 23.000 presori. Hain zuzen ere, Herrialdeak Batasunaren Eguna ospatzen duen egunean hartu du junta militarreko buruak presoak askatzeko erabakia. «Estatuko Administrazio Kontseiluak  23.314 presori zigorra kendu die, Birmaniako Errepublika bakearen, garapenaren eta diziplinaren estatu demokratiko berri bat eraikitzen ari delako», dio junta militarrak bidalitako agiriak. Halaber, presoak askatzearen atzean arrazoi «humanitarioak» eta presoak «herritar zintzo bihurtzeko nahia» daudela nabarmendu dute agirian.

Amnistia eman dieten preso denak dira aurtengo urtarrilaren 31 baino lehen zigortuak —otsailaren 1ean izan zen estatu kolpea—, eta, delitugileek delitua berriz eginez gero, kartzela zigor osoa bete beharko dute. Amnistiaz gain, dekretuan beste onura batzuk ere jasota daude presoentzat, hala nola, heriotza zigorra betiko kartzela zigorrarekin aldatzea, eta kartzela zigor luzeak dituztenei horiek murriztea. Amnistia eman dieten 23.314 presoetako 55 dira atzerritarrak. 

Otsailaren 1ean armadak estatu kolpea eman zuen, eta ordutik egoera nahasia da herrialdean. 260 pertsonatik gora atxilotu dituzte geroztik, tartean Aung San Suu Kyi Estatu kontseilaria eta Win Myint presidentea. LD Demokraziaren Liga Nazionalak salatu duenez, junta militarrak gobernuko kide ohiak atxilotzen jarraitzen du. 

Militarren ikusgarritasuna murriztuko du Facebookek

Facebook sare sozialak, bere aldetik, militarrek Facebooken duten ikusgarritasuna murrizteko neurriak hartuko dituela iragarri du gaur goizean. Multinazionalaren arabera, militarrek behin eta berriz zabaldu dute informazio faltsua sare sozial horretan. Konpainiak ez ditu militarren kontuak ezabatuko, baina horiek sustatzeari utziko dio. Horrez gainera, gobernuak ezin izanen du eskatu sare sozial horretan dagoen informazioa kentzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.