Errusia

Errusiak Europarekin dituen harremanak eteteko mehatxua egin du

Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak Errusia zigortzeko eskatu du asteon. Ukrainako gerra bukatu nahi ez izatea leporatu diote Errusiari Ameriketako Estatu Batuek eta Europak. 

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri gaietarako ministroa, pasa den asteko agerraldian. ERRUSIAKO GOBERNUA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko otsailaren 12a
14:08
Entzun

Tentsioa nagusi da Europako Batasunaren eta Errusiaren arteko harremanetan. Asteartean aurreratu zuen Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak Errusiaren kontrako zigorrak eskatuko dituela haren joera «autoritarioagatik». Gaur goizean etorri da Errusiaren erantzuna. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavroek erran du ezen, Europako Batasunak Errusiako ekonomiari kalte egin diezaiokeen zigor ekonomikoren bat onartzen badu, Europarekin dituzten harreman denak hautsiko dituztela. «Europako Batasunarekin ditugun harremanak puskatzeko prest gaude, hark Errusiako sektore zaurgarrienen kontrako isun ekonomikoak ezartzen baditu», nabarmendu du.

Areago jo du Lavroek, eta azpimarratu du Errusiak ez duela mundutik bakartu nahi, baina horretarako prest egon beharra dagoela: «Bakea nahi baduzu, presta zaitez gerrarako».

Borrell iragan astean izan zen Errusian kargua hartu zuenetik lehenengoz. Han bildu zen Lvroe Atzerri ministroarekin, eta polemikaz betetako prentsaurreko bat eman zuten. Borrellek Alexei Navalni Errusiako oposizioko kide ezaguna aske uzteko eskatu zion Lavrori, baita azken asteetan atxilotutako haren jarraitzaileak ere. Lavrov, ordea, ez zen kikildu, eta «arrazoi politikoak dituzten erabaki judizialak hartzea» egotzi zion Borrelli; tartean, «azkenaldian Europako Batasunean eta Ameriketako Estatu Batuetan bizitako gehiegikeria polizialak», eta preso dauden Kataluniako buruzagi subiranisten kasua.

Prentsaren aitzinean zirela, gainera, Errusiak Alemaniako, Poloniako eta Suediako diplomazialariak herrialdetik botatzeko erabakia hartu zuen, eta horrek are gehiago gaiztotu zituen Europaren eta Errusiaren arteko harremanak.

Krimeako auzia

Hori ez da, ordea, Errusiak eta Europako Batasunak zabalik duten auzi bakarra. Izan ere, atzo Ameriketako Estatu Batuek eta Europak Errusiari aurpegiratu zioten Ukrainako gatazka bukatu nahi ez izatea. Errusiak deituta, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko batzarra izan zuten atzo arratsaldean. Minskeko Ituna sinatu zela eta Ukrainako gerra bukatu zela ospatu behar zen batzarrean; azkenean, baina, Errusiaren aurkako akusazioekin bukatu zen bilera.

Rodney Hutler diplomazialari estatubatuarrak Krimea erasotzeari uzteko eskatu zion Errusiari: «Errusiak Ukraina ekialdeari erasotzeari utzi behar dio berehala, eta Krimea probintziaren okupazioa amaitu behar du». Bi aldeko jokoa egitea leporatu zion Putin buru duen gobernuari: «Negoziazio diplomatikoetan aurrerapauso esanguratsuak blokeatu ditu Errusiak, eta, aldi berean, inguruko indarrak armatu, forma eman, finantzatu eta zuzentzen ditu, eta tokian bertan beren burua agintari izendatu dutenak laguntzen ».

Hori ez zen izan Errusiari egin zitzaion akusazio bakarra. Alemaniak Nazio Batuetan duen enbaxadore Christoph Heusgenek Errusiari leporatu zion ez dituela bete Minskeko akordioko funtsezko puntuak: tartean, 2015eko lehen su-etena, arma astunak eta atzerriko indar armatuak ez erretiratzea, eta nazioarteko begiraleen zirkulazio librea eten izana Errusia eta Ukraina arteko mugan. «Egun, oraindik ere, Errusiako indar armatuak daude mugan. Baliteke Errusiako armadaren zigilu ofizialik ez izatea, baina bertan jarraitzen dute. Errusiaren laguntzarik gabe, Lunganskek eta Donetsek ezin dute bizirik iraun».

Vassily Nebeinza Errusiak NBEn duen enbaxadoreak, aldiz, gaitzetsi egin zituen herrialderen kontra eginiko akusazioak, eta frantziarren eta alemaniarren babespean Minskeko akordioan ezarritako neurriak bete ez izana leporatu zion Ukrainari. Halaber, Kieveko gobernuari, Donbassko bizilagunekiko «erabateko axolagabekeriaz» jokatzea leporatu zion. «Alemania eta Frantzia eskualdeko jendearen aurkako krimenen konplize bihurtu dira», nabarmendu zuen. «Ukrainako nazio auzian alde bakarra defendatzen dutenek eta errusiar erasoaren fantasia gaixoa bere egiten dutenek ezin dioete beren buruari bitartekari deitu».

Rosemary DiCarlo Nazio Batuen ordezkari politikoak, berriz, erran zuen 2020ko uztailean erabakitako su-etena "hein handi batean" errespetatu dela, baina azken hilabeteetan hainbat eraso militar egin direla. «Joera arriskutsu hori azkar aldatu behar da», nabarmendu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.