Italia

Draghik politikariak eta teknikariak uztartuko ditu gobernuan

Italiako lehen ministro hautatua babestu duten alderdietako kideek hartuko dituzte ministerio gehienak. Bihar egingo dute karguaren zina.

Mario Draghi Italiako lehen ministro hautatua, gaur, Sergio Mattarella errepublikako presidentearekin bildu osteko prentaurrekoan. ALESSANDRO DI MEO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko otsailaren 12a
20:53
Entzun

Enkargua bete du Mario Draghi Europako Banku Zentraleko buru izandakoak. Sergio Mattarella Italiako presidenteak gobernua eratzen ahalegintzeko eskatu zion aurreko astean, eta, alderdien artean kontsulta egin eta gero, horretarako nahikoa babes baduela baieztatu du. Parlamentuan ordezkaritza duten indar guztiek eman diote baiezkoa hark gobernu berri bat gidatzeari, salbuespen bakarrarekin: kontra agertu da Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdia. Mattarellari gobernu ardura bere gain hartuko duela jakinarazi dio presidentearekin Quirinale jauregian egin duen bileran. Segidan, ministro karguetarako aukeratu dituen pertsonen zerrendaren berri eman die hedabideei.

Italiako hurrengo gobernuak 23 ministro izango ditu. Gehienak Draghi babestu duten alderdi politikoetako kideak izango dira, baina lehen ministro hautatuak alderdietatik kanpoko teknikariak aukeratu ditu lehentasunezkotzat dituen arloetarako. Hala, Daniele Franco Italiako Bankuko zuzendari ohiak hartuko du Ekonomia Ministerioa; Vittorio Colao Vodafone enpresako kontseilari izandakoaren esku geldituko da Berrikuntza eta Trantsizio Digitalerako Ministerioa; Roberto Cingolani Italiako Teknologia Institutuko buru ohiarentzat izango da Ekologia Ministerioa; eta Marta Cartabiarentzat Justizia arlokoa —Italiako Auzitegi Konstituzionaleko presidentea izandakoa da bera—.

Hamabost ministerio hartuko dituzte Draghiri babesa eman dioten alderdiek; hau da, M5S 5 Izar Mugimenduak, Alderdi Demokratikoak, Libreak eta Berdinak-ek, Italia Bizirik-ek, Forza Italiak eta Legak.

Conteren sei ministro

Egun jardunean dauden ministroetako seik karguan jarraituko dute. Horien artean, Roberto Speranza Osasun ministroak, pandemiaren kontrako estrategiaren arduradunak. Harekin batera, Luigi Di Maio Atzerri ministroak eta Luciana Lamorgese Barne ministroak ere bai.

Hirurak izan dira Giuseppe Conteren koalizio gobernuko kide, hark dimisioa eman zuen arte. Contek urtarrilaren 26an utzi zuen kargua, agintean jarraitzeko nahikoa babes ez zuela baieztatu ondoren. Haren aginteak ez du hiru urte ere iraun. M5Sri eta Legari esker iritsi zen gobernura, 2018 hasierako bozen ostean, baina, 2019ko abuztuan, Matteo Salvinik bere alderdia atera zuen koaliziotik, hauteskundeak behartzeko.

Jokaldia, ordea, ez zitzaion ondo atera, eta haren lekua hartu zuen Matteo Renziren Italia Bizirik alderdiak. Renzik, baina, gobernua uztea erabaki zuen iragan hilabetean. Europako Batasuneko funtsen inguruko eztabaiden ondorioz, Italia Bizirik alderdiko bi ministroek dimisioa aurkeztu zuten, eta Conte gutxiengoan gelditu zen. Lehen ministro ohiak berriz ere kargura itzultzeko ahaleginak egin dituen arren, ez du lortu nahikoa babes.

Egoera politiko ezegonkor horretan eta COVID-19aren pandemiari aurre egiteko behar larrian, Draghirengana jotzea erabaki zuen Mattarellak, eta hari gobernu berri bat eratzen ahalegintzeko eskatu zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.