Espainiako Kopa

Finalerdietan da Baskonia, Joventuti irabazi eta gero

Hasieran lorturiko errentari etekina atera dio Dusko Ivanovicen taldeak, eta laugarren laurdenaren lehen minutuetan hautsi du partida. Azkenean,  bederatzi puntugatik irabazi du (96-87).

jarraia193579.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 12a
21:02
Entzun

Artistak abilezia izaten du gutxirekin asko egiteko. Talentua atera, eta emaitza lortu. TD Systems Baskoniak horrela irabazi dio gaur Joventuti Espainiako Kopako final-laurdenetan (96-87). Erasoan sekulako eraginkortasuna izan du, asko saskiratu du, eta kataluniarrak pixka bat gerturatu izan zaizkionean, hiruko batekin erantzun du Euskal Herriko taldeak.

Puntu askoko partida izan da. Bi taldeak ibil dira eraginkor erasoan. Ez hainbeste, defentsan. "Une batzuetan bakarrik izan gara oldarkorrak defentsan", esan du Achille Polonarak partida amaieran. Badaki Baskoniak gaur baino hobeto defendatzen. Beharra izan duen edo ez beste kontu bat da. Garbi dago partida hasieran lorturiko aldearekin haizearen fabore ibiltzeko moduan izan dela. Bosgarren minuturako 16-6 aurretik zen. Erasoan, lasaitasunez ibili da baloia mugitzen, eta bi taldeen arteko ezberdintasun fisikoa baliatu nahian: baloia postera, eta hortik jokatuz, saskiratzea lortu edo aukera hobeak bilatu. Aurkariak erraztasunak eman dizkio defentsan, eta baliatu egin ditu Baskoniak. Beste aldean ere, ordea, bigun aritu dira Ivaovicenak; batez ere, saskipean eta Joventuten joko-antolatzaileen buruz burukoetan, eta hasieran Dmitrijevicek eta gero Jacksonek erraz aurkitu dute saski azpirako bidea. Bi horiei eta Ante Tomic pibotari esker jarraitu du partidan sartuta Joventutek, bestela lehen laurdenean ia erabakita utziko zuelako Baskoniak (28-17). B horiei esker eta erasoko erreboteei esker.

Bigarren laurdenean ere, Baskoniak kontrolpean izan du partida. Zortzi, bederatzi eta hamar puntuko aldeak eduki ditu. Lehengo lepotik zeukan burua partidak: izugarri ari zen asmatzen Baskonia erasoan, eta Joventut bizirik bazen, arabarren defentsa epelagatik zen. Azkenean, biak ari ziren erasoan asmatzen, eta atsedenaldiko emaitza da horren adierazgarria: 55-47, Ivanovicenen alde. Baskoniak Kopan lehen zatian sartu duen puntu kopuru handiena da.

"Hobetu defendatu behar dugu bigarren zatian", esan du Montenegroko entrenatzaileak atsedenalditik bueltan. Beharrik ere ez, erasoan asmatzen segitu duelako taldeak. Horri esker, hamar-hamabi puntuko aldeak izan ditu. Joventut sei puntura jarri zaionean, zortzigarren minutuan, orduan hasi da defentsako lana bizi egiten Baskonia. Une bat izan da, baina nahikoa aldeari eusteko. Laurdenaren amaieran, 78-68 aurretik zen Baskonia.

Azkeneko hamar minutuak ekin bezain azkar jo dio kolpe erabakigarria partidari. Defentsan minutu onenak eginez, eta erasoan lehen bezala asmatuz, 19 puntuko aldea izan du. Joventutek bost minutu behar izan ditu laurdeneko aurreneko saskiratzea sartzeko. Gero, errazago sartzen hasi da, eta defentsan nola estutu egin duen goian eta bere pista erdian presioa eginez, gainera joan zaio Baskoniari: zazpikoa zuen aldea hiru minuturen faltan. Ondoren, berriz igo du tartea Baskoniak, eta azkenean, bederatzikoa izan da.

Baskonian, erasoko talde lan onaren barruan, saskiratzaile onenak Pollonara eta Rokas Giedraitis izan dira 19na punturekin; Alec Peteresek 17 sartu ditu, eta Pierria Henryk 16. Joko-antolatzaile estatubatuarrak zortzi asistentzia ere banatu ditu, eta hiru baloi lapurtu. Jokoaren alor horrek ere izan du zeresana azkeneko emaitzan, 15 galdu dituelako Joventutek; ACB ligan, bigarren txarrena da horretan. Baskonia, aldiz, onena, eta gaur ere bederatzi baloi kendu dizkio aurkariari.

Bihar du finalerdia  Ivanovicen taldeak (19:00), eta aurkaria Bartzelona edo Unicaja. Bi horien arteko partida 21:30ean hasiko da. Beste finalerdian, Tenerife eta Real Madril ariko dira (16:00).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.