Koronabirusa

Ziburuko aisialdi zentroa hetsi dute, birusaren aldaera baten kasu bat atzeman ondoan

Ziburuko aisialdi zentroa hilaren 21era arte egonen da hetsirik, langile batek positibo eman duelako.

Baionako eskolako haurrak. Artxiboko irudia. GUILLAUM FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko otsailaren 13a
10:09
Entzun

Ziburuko (Lapurdi) Herriko Etxeak baieztatu du informazioa: otsailaren 21era arte hetsirik egon beharko du aisialdi zentroak. Izan ere, atzo, langile batek positibo eman zuen PCR proban, eta birusaren aldaera baten arrastoa atzeman zioten probari. Hala, berehala hetsi dituzte zentroko ateak. Bertan egon diren haur guztiak abisatu ditu Herriko Etxeak. Eskualdeko Osasun Agentziak 11 urtez gorako haur guztiei proba egiteko agindu du, eta 11 urtez beherakoentzat proba egitea «oso gomendagarria» dela esan du. Ez dute zehaztu zein den atzemandako aldaera —Brasilgoa, Hegoafrikakoa edo Erresuma Batukoa— baina horiek «kutsakorragoak» direla esan zuen Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak.

Iragan astean, Frantziako Hezkuntza ministroak ikastetxeak eta aisialdi zentroak hesteko protokoloa zorroztu zuen. Ordura arte, hiru kasu atzeman behar ziren eskola berean eskola hesteko. Iragan astetik aitzina, ordea, aparteko aldaera baten kasu bakarra atzeman orduko hetsi behar da ikastetxea.

Ziburuko Herriko Etxeak gutxieneko zerbitzua jarri du martxan herriko Marinela eskolan. Otsailaren 8tik 12ra aisialdi zentroan egon ez diren haurrak hartzen ahalko dituzte bertan.

Herenegun, Eskualdeko Osasun Agentziak baieztatu zuen birusaren Hegoafrikako aldaeraren «bizpahiru» kasu atzeman zituztela Ipar Euskal Herrian. Hegoafrikako aldaera atzematean, kutsabideak argitzeko protokoloa indartu dute: hurbileko kontaktuez gain, hurbileko kontaktuen kontaktuak ere kontuan hartzen dituzte. Bestalde, bakartze denbora luzatu diete Hegoafrikako aldaera dutenei: zazpi egunetik hamar egunera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.