EIBAR 1-1 VALLADOLID

Nahi baino sari txikiagoa

Eibarrek berdindu egin du Valladolidekin Ipuruan, eta nahi baino urrats txikiagoa egin du mailari eusteko lehian. Kike Garciak sartu du eibartarren gola

Kike Garcia, jokaldi batean, gaur, Ipuruan. JON URBE / FOKU
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko otsailaren 13a
22:14
Entzun

Ezer gutxi aldatu da Eibarrentzat. Aldaketarik handiena helburua betetzeko partida bat gutxiago geratzen dela da. Mailari eusteko lehiatik pixka bat urruntzeko aukera izan du gaur, aurkari zuzen baten aurka, baina bana berdindu du Valladolidekin Ipuruan, eta puntu gazi-gozo batekin konformatu behar izan du. Oraindik liga amaitzeko hamabost jardunaldi geratzen badira ere, bere-biziko garrantzia duen partida izan da bi taldeentzat, eta hori asko nabaritu da berdegunean. Irabaztera atera dira, baina galtzeko beldurrarekin.

Maldan gora jarri zaio partida hasiera-hasieratik Eibarri, bosgarren minuturako atzetik baitzen. Azken jardunaldietan gertatu bezalaxe, atzean eginiko akats larri baten ondorioz jaso du gola. Arbillak Guardiola zangotrabatu du area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du. Roque Mesak ez du hutsik egin: 0-1.

Oso erritmo baxua izan da lehen ordu laurdenean, eta horrek ez dio mesederik egin etxeko taldeari. Deseroso zen zelaian, tokia hartu ezinik. Sergio Gonzalezek partida nahi zuen tokian zuen: markagailuan aurretik, eta Eibar bere zelaian sartuta, Masipek zaindutako atetik urrun.

Minutuak aurrera egin ahala bere jokoa egiten hasi da Eibar, baloia hegaletara eraman eta hain ondo menderatzen duten erdiraketa-errematearen bidez berdintzeko abaguneak sortuz. Minutu gutxitan, hiru aukera huts egin dituzte, baina laugarrenean ez dute barkatu. 22. minutuan Bryan Gilen erdiraketa sarera bidali du Kike Garciak. Berdintzearekin partida bera ere parekatu da. Lehen zatiko azken hamabost minututan bi taldeak ez diote elkarri batere arriskurik sortu. Zelai erdia irabazteko borrokan ibili dira, eta nekez iritsi dira aurkarien areara.

Bigarren zatia lehena amaitu bezalaxe hasi da: parekatuta eta gol aukerarik gabe. Partidaren garrantzia nabaria zen bi taldeetan. Batak zein besteak gutxi arriskatu du baloiarekin, gauzak erraz egin dituzte, galtzeak zekarren ondorioaren jakitun. Ez dute puntua ontzat ematen, baina zuten apur hori ez dute galdu nahi, eta are gutxiago aurkari zuzen bati eman.

Funtzionatzen duena ez omen da aldatu behar, eta bi entrenatzaileek ere ez dute asko arriskatu aldaketak egiteko orduan. Ez Jose Luis Mendilibarrek, ez Sergio Gonzalezek ere ez dute eskema aldatu, eta biek 4-4-2koari tinko eutsi diote azken minutura arte. Minutuak pasatzen ziren, eta tentsioa geroz eta handiagoa zen soropilean. Partidak, baina, berdin jarraitzen zuen: gol aukerarik gabe.

Azken hamar minutuetan iritsi dira presak bi taldeentzat. Etxean jokatzearen inertziaz Eibarrek partidari erritmoa igo dio, eta garaipenaren bila joan da. Azken jokaldira arte saiatu zdira eibartarrak, baina ez da golaren saria iritsi. Jose Angel Cote-k denboraldiko lehen minutuak jokatu ditu aurreko sasoiko azken partidan eskuin belaunean min hartu zuenetik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.