BARTZELONA 77-68 BASKONIA

Ez du izan aukerarik

Baskoniak galdu egin du Bartzelonaren aurka, eta Espainiako Kopatik kanpo geratu da. Gasteiztarrek partida txarra jokatu dute

Achille Polonara, lehian, gaur. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 13a
22:20
Entzun

Espainiako Kopa da Baskoniaren lehiaketarik kutunena. Bertan lortu ditu titulu gehien: sei. Baina bada hamarkada luze bat Gasteizko taldeak ez duela aparteko lanik egin: pasatu ditu final-laurdenak, sarritan, baina inoiz ez finalerdiak; beti geratu da finalerako bidean. Horixe gertatu zaio oraingoan ere. Nagusitasunez gainditu zuen aurreneko langa, Joventuti irabazita, baina bigarrena igaro ezinda geratu da beste behin. 77-68 galdu du gaur Bartzelonaren kontra, eta agur esan dio Kopari.

Erasoan izandako eraginkortasuna izan zuen makulu Baskoniak final-laurdenak gainditzeko: 96 puntu lortu zituen. Gaur, ordea, erasoko jokoa izan du galbide. Oso gaizki aritu da, inolako argitasunik gabe, batez ere lehen zatian: 27 puntu baino ez ditu lortu, bezperan eskuratutakoen erdia baino gutxiago, 55. Halako zenbakiekin ia ezinezkoa da inori irabaztea, eta zer esanik ez aurrean Bartzelona bezalako talde indartsu bat baldin badago. Hori gutxi ez, eta hemezortzi errebote gutxiago jasoz gero, orduan soberan dago ia hori; ezinezkoa da. Eta halaxe izan da gaur: ezinezkoa.

Partida nola hasi den ikusita, inor gutxik pentsatuko zuen gasteiztarrak halako ezinarekin ariko zirenik erasoan. Hamabi puntu sartu dituzte lehen bost minutuetan (8-12). Henryk sartu ditu horietatik hamar. Nahieran aritu da aurreneko minutuetan. Baina Dusko Ivanovicek atsedena eman dio, eta hura aulkian eseri eta sekulako itzaldia izan du Baskoniak. Bartzelona, ordea, suspertu egin da, eta taldeko jokoari esker, ziztu bizian eman dio buelta partidari, 7-0ko partziala lortuta: 15-12. Halaxe amaitu da lehenbiziko laurdena.

Henry bakarrik zen gai saskiratzeko, baina hura ere nekea pilatzen hasi da, eta huts egiten hasi. Nagusi zen Bartzelona, baina baloi dezente galtzen zituenez, ez du lortu ihes egitea. Nahikoa izan du hori hobetzea eta hirukoak sartzen hastea berehala zuloa egiteko. Hala, 11 puntu gora zen atsedenaldian: 38-27.

Etenak ez du ezer aldatu: egurrean jarraitu du Bartzelonak. Eta Baskonia? Ezinean segitu du, eta saskiratze bat lortzeko bereak eta bi sufrituta. Ondorioa: hamazazpi puntuko aldea lortu dute katalanek azkeneko laurdenaren faltan, 64-47. Erabakita zirudien lehiak, are gehiago aldea hogeira luzatuta (67-47). Baina gutxien espero zenean suspertu da Baskonia. Defentsan estutu eta erasoan asmatzen hasi da. Lau puntura jarri da bost minutu falta zirela (69-63), eta Bartzelona ataka estuan jarri. Baina hortxe eten da gorakada. Katalanek 8-1eko partziala lortu dute, eta neurketa erabakita utzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.