BARTZELONA 5-1 ALAVES

Astindua jaso du

Gasteizko taldeak partida txarra egin du Camp Noun, eta zigor gogorra jaso du

Lucas Perez, lurrean, gaur. ANDREU DALMAU / EFE
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 13a
23:03
Entzun

Esku hutsik eta astindua jasota itzuliko da Alaves Bartzelonatik. Gasteizko taldea gai izan zen lehen itzulian, Mendizorrotzan, Kataluniako taldea ezustean harrapatzeko —bana berdindu zuten—, baina gaur ez du hori egiteko aukerarik txikiena ere izan. Partida txarra jokatu du, eta ez da kapaz izan inongo momentutan Bartzelona estu hartzeko.

Etxeko taldea nagusi izan da hasi eta buka. Lehen zatian eraginkorragoa izan balitz, atsedenaldian jada erabakita egongo zen partida. Hala ere, oso bideratuta utzi du garaipena, bi goleko aldea baitzuen: Trincaok sartu du lehena, 29. minutuan, eta Messik, bigarrena, lehen zatia amaitzear zela.

Bigarren zatian ere indartsu zelairatu da Ronald Koemanek entrenatutako taldea, neurketa erabakita uzteko asmoz. Aukera garbiak izan ditu, baina ez da fin aritu Pachecoren atearen aurrean. Eta bat-batean, 58. minutuan, eta izan duen aukera ia bakarrean gola sartu du Alavesek, Luis Riojak. Gol horrek itxaropena eman die Abelardo Fernandezek entrenatutakoei, baina gutxi iraun die esperantzak. Trincaok bere bigarren gola sartu du, 74. minutuan, eta Messik beste horrenbeste egin du minutu bat geroago. Kito partida. Juniorrek eman die azkena bisitariei 80. minutuan bosgarren gola sartuta.

Alavesentzat eguneko albiste on bakarra izan da sailkapenean atzetik dituen aurkari bakar batek ere ez diola aurrea hartu. Hala, jaitsiera postuetatik kanpo dago oraindik ere. Hala ere, puntu bakarrera ditu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.