Parte hartzea 2017an baino 22 puntu txikiagoa izan da arratsaldean

2021eko otsailaren 14a
09:54
Entzun

Jende gutxi joan da lehen orduan ere, herritar zaurgarrienek botoa emateko tartea baita 12:00ak artekoa. Generalitatea «ziur» da emaitzak gauean emateko moduan izango direla.

Botoa ematera deituta zeuden herritarretatik %46,02k bozkatu dute arratsaldeko 18:00etarako Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan. 2017an, ordu berean, berriz, parte hartzea %68,26koa zen; aurten baino 22 puntu handiagoa. 1992tik izan diren parte hartze daturik okerrenak dira. Hiri nagusiei begiratuz gero, berriz, Girona izan da parte hartzerik handiena izan duena, %47,5rekin; jarraian leudeke Lleida %46,18rekin, Bartzelona  %45,9rekin, eta Tarragona %42,8rekin. Aipagarria da parte hartzea gehien jaitsi den inguruan artean daudela Tarragona bera eta Bartzelonako metropoli ingurua, biak ere sozialistek boto gehien lortu ohi dituzten eremuak.  

Eguerdirako, berriz, herritarren %22,59k bozkatu dute Katalunian, Generalitateak emandako lehen datuen arabera. 2017ko hauteskundeekin alderatuta, parte hartzea hamabi puntu apalagoa da. Goizean ez da jendetzarik elkartu bozkalekuetan, herritar zaurgarrienek botoa eman zezaten gorde baitzuten 09:00etatik 12:00etara arteko tartea. BERRIAk udaletxeko bozkalekuaren irekiera jaso du albiste honen gaineko bideoan.

Inkesta guztiek aurreratu zuten gaurko bozetako parte hartzea ohi baino apalagoa izango zela. Osasun egoerak eragina izango du horretan, baita aurreko hauteskundeetako mobilizazio handiek ere. Izan ere, 2017an inoiz baino jende gehiagok eman zuten botoa: %79,1ek.

Gainera, posta bidezko botoak gorakada izugarria izan du: %380koa, duela lau urteko bozekin alderatuta, Kataluniako Gobernuak emandako datuen arabera.

Zenbait presidentegai joan dira bozkatzera. JxCko Laura Borrasek BERRIArekin hitz egin du gero, eta bere agurra helarazi die euskal herritarrei: «Bozka dezagun askatasuna lortzeko. Askatasunerako bidean lagun izango dugu Euskal Herria», adierazi du.

Ernest Maragallen hitzak ere jaso ditu BERRIAk. ERCren bozeramailea da Bartzelonako Udalean: «Erabakitzeko grina dugu. Noizbait gure etorkizuna erabakitzeko modurik onena da gaur erabaki zuzena hartzea».

09:00etatik zabalik daude Kataluniako 2.763 hauteslekuak. 2017ko bozetan baino 83 gehiago jarri dituzte, eta lehenetsi dute espazio zabalak izan daitezela, jenderik pilatu ez dadin. Bernat Sole Atzerri kontseilariak TV3n esan du ez dutela arazorik izan mahaiak osatzeko. 11:30erako, mahai guztiak osatuta zeuden. Horrek kezka piztu izan du azken asteetan; izan ere, mahairako aukeratutako lau lagunetik batek salbuetsia izatea eskatu zuen.

BERRIAk hauteskunde gaueko kontakizun berezia egingo du, 19:00etatik aurrera. Zuzeneko kontaketa bat izango du martxan, eta emaitzak ikusgai izango ditu, Kataluniako Vilaweb hedabidearekin egindako elkarlan akordio bati esker.

Azken asteetan hauteskundeei buruz idatzitako albisteak, elkarrizketak eta analisiak testu bilduma honetan daude jasota.

[youtube]https://youtu.be/hiu0M7idHF8[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.