Muga ahaztua, pasabide trabatua

Muga pasabide batzuk itxiarazi zituen Frantziak, urtarrilean. Egunero etxetik lanera joateko Izpegiko lepoa zeharkatu behar dutenentzat trabak ekarri ditu neurriak.

Mugaren itxiera salatzeko ekintza bat, Izpegin. BOB EDME
Joanes Etxebarria.
2021eko otsailaren 15a
07:33
Entzun

Bazterrak harrotu zituen Frantziako Pirinio Atlantikoetako prefetak urtarrilean mugak ixteko hartu deliberoak. Osasun testuinguruak aski tinkaturik hori gabe ere, «terrorismo» lanjerra zelakoan mugako zenbait pasabide zerratzeak herritarren kexua eragin zuen segidan: Lizuniagan eta Izpegin elkarretaratzeak egin ziren, eta EH Baik eta EH Bilduk neurriaren kontrako izenpedura bilketa abiatu dute. Eta, egunero-egunero, alde batean bizi eta bestean lan egiten dutenek bidea egiten segitzen dute, ahal bezala.

HITZAk elkarrizketatutako langileei ulergaitza egiten zaie egoera; batetik, zergatik eta noiz arte beren laneko bidea itxia egonen den galdezka ari dira; bestetik, ulertu nahi lukete zergatik pasabide batzuk zerratu eta besteak irekirik utzi diren, justu benta handienak diren guneetan. Izpegiko lepoa zenbait langileren ohiko bidea da, hiru bentatako salmenta gunea, eta kamioilari batzuentzat, bezeroengana joateko bide laburrena.

Haize Arrieta. Elizondoko bizilaguna, Baigorrin lanean.

«Egunero jaso behar dut kontrola, gelditzen bainaute nahitaez»

Egunero-egunero ez, baina, Baigorriko Zurlan enpresako langilea denez, «noizbehinka» egiten du bidea Haize Arrietak. Azken egunetan, bidea luzatzen du Dantxarinetik; Izpegitik oren erdiz egiten duen bidea oren batekoa bilakatzen zaio Luzaidetik. Polizia kontrolak ohikoak bilakatu direla erran du. «Egunero jaso behar dut kontrola, gelditzen bainaute nahitaez», nahiz eta poliziek lanera doala badakiten behin eta berriz datuak hartzen dizkiotelako. Lehen konfinamenduan bi noranzkoetan izaten ziren kontrolak; orain, berriz, soilik Nafarroatik Baxenabarreko zentzuan. Azken aldian, Dantxarinean, PCR proba ere galdetu zioten: «Duela hiru aste egindakoa erakutsi nuen, baina ez dakit ea beharko den berritu astero edo…». Goizean lehenago jaiki behar izaten du, polizia kontrolean autoak baldin baditu aitzinetik hamar minutu galtzen dituelako.

Lorea Lapeyrade Brust. Lekarozen bizi, Baigorrin lanean.

«Jendarmerian ere telebistaren bidez ukan zuten erabakiaren berri»

Baigorriko postan ari da lanean Lorea Lapeyrade Brust, eta lehen konfinamenduan, laneko bidea ezin zuenez Izpegiko lepotik egin, Baxenabarren bizitzen egon behar izan zuen. «Sobera goiz jaiki behar nuen bestela, bostak aitzin, Dantxarinetik pasatu behar nuelako». Oraingoan polizia kontrolak ez dira hain zorrotzak, haren erranetan, eta ahal dueno Izpegitik joaten da lanera. Joan den ostiralean gelditu zuten lehen aldiz, eta beldur da «istante problemak» hasiko direla Izpegin. Postako nagusiari Donibane Garaziko jendarmerian erran zioten lanarengatik muga pasa zezakeela langileak, baina ez da komunikaziorik izan. «Telebistaren bidez jakin nuen mugak itxiko zirela, eta nagusia deitu nuen jendarmeriara joan zedin. Han erran zioten haiek ere telebistaren bidez ukan zutela erabakiaren berri». 30 kilometro baditu etxetik lanera; itzulia eginez, berriz, 70 bat.

Santiago Villares. Urdazubiko kamioi gidaria.

«Buelta gastu gehigarria da, eta denbora gehiago bidean»

Santiago Villaresek pentsua, lastoa edo luzerna saltzen du «laborantza tipietan», Baigorrin, Alduden, Bankan eta bazter orotan. Izpegitik kurritzen da oraino ere, lehen konfinamenduan muga zaindua zelarik Luzaidetik itzulia egin behar bazuen ere. «Baina hori gastu gehigarria da, eta denbora gehiago bidean». Goizean goizik abiaturik Izpegi gainean nehor ez izateko xantza gehiago duela jakitun, saiatzen da oraino ere. Bidea luzarazten ahal diotela badaki, hala ere. «Joaten bazara eta erraten badizute buelta egitea, bi aldiz buelta handiagoa egin behar duzu». Ezagutzen ditu egoera hori bizi izan dutenak, nahiz bere enpresako gidariei oraindik ez zaien gertatu. Neurriari ez dio zentzurik ikusten, terrorismo arriskua aipaturik ere: «Neurri politikoa da. Ez da ulertzen ahal. Norbaitek nahi badu zerbait gaizki egin, pasatuko da igual-igual, eta guretzat kalte handia da».

Idoia Gillenea. Bereko Bentako nagusia

«Pandemiarekin bazen muga bat; orain, muga fisikoa»

Badu urte eskas Idoia Gillenea benta eramaten hasi zela, baina pandemiarekin eta neurri desberdinekin, «bakarrik sei hilabetez» lan egin ahal izan dute. Beste bi bentak ez bezala, harena itxia da orain, Nafarroan ostalaritza kanpoan soilik onartua baita, eta aro hotzarekin, haize eta euriarekin, ez da terrazarako giro. Hastapen batean bezero gehienak Hego Euskal Herrikoak baziren ere, azken hilabetean doi-doi bestaldeko bezeroak ere hasi zitzaizkien joaten: «Kezka da berriz irekitzean nola joanen den». Egoera horrez asaldatua da: «Haserre eta inpotentzia sentsazioa dugu. Bertze muga bat. Pandemiarekin bazen muga bat; orain, muga fisikoa». Soilik martetarren eraso bat falta zaiela gehitu du, ironiazko karkailan. Kexu da pasabide «tipiak» direlako itxiarazi, eta neholaz ere benta handiak kokatzen diren pasabideak. Horri gehiturik Frantziak neurria hartzeko arrazoia «terrorismoa» izan dela, «astakeria» iduri zaio, eta geroaz kezkatua azaldu da: «Etorkizunean, zer? Noraino iraun behar du egoera honek? Zer dago atzean?».

Joseba Irigoien. Irigoieneko bentaren nagusia.

«Iparraldeko jendeak beldurra du bentetara joateko»

Barnean zerbitzatzeko debekua duen zeinahi ostalarik bezala, jardunean beherakada ukan du Joseba Irigoienek ere. Gainera, haren bentaren bezeroen %95 bat Ipar Euskal Herrikoak dira, nagusiaren arabera, eta, mugak zerratzeko neurriarekin, beherakada are azkarrago sentitu dute.«Iparraldeko jendeak beldurra du bentetara joateko», Irigoienek erran duenez, nahiz ez hain argi izan «pasatzen ahal den edo ez». Frantziak «goizetik gauera pasabideak ixtea» erabaki izana ulertu gabe segitzen du oraindik ere, beste garai batzuetako oihartzuna aipatuz: «Muga ahaztua genuen, baina ikusten dugu hor dagoela beti». Bere inguruko baztandar anitz ezagutzen ditu egunero lanerako bidea Dantxarinetik egiten dutenak. «Bidaia luzea» egiten zaiela erran du, bi aldiz luzeago baita itzulia. Arranguratzen du ez jakiteak noiz arte iraunen duen egoerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.