Getafe 0-1 Reala

Lokatz artean aurkitu ditu hiru puntuak

Hiru zutoinen artera errematerik egin gabe utzi du Realak Getafe, eta Isaken gol bati esker eskuratu du garaipena. Sailkapenean bosgarren dira txuriurdinak.

Realeko jokalariak Cucho Hernandezi baloia kendu nahian, atzo, Getafen (Espainia). FERNANDO ALVARADO / EFE
2021eko otsailaren 15a
09:56
Entzun

Realak bolada ona berreskuratu duela dirudi. Atzo huts eta bat gailendu zitzaion Getaferi, eta irudi ona eman zuten txuri-urdinek, defentsan batez ere. Aurreikusi bezala, neurketa gogorra izan zen, kontaktu askokoa, baina baldintza horietan ere lehiatzen badakitela erakutsi zuten donostiarrek, eta hiru puntu garrantzitsu eskuratu zituzten.

Denboraldiko une garrantzitsuenetako bat gertu dela ari da berriz ondo sentizten Imanol Alguacilen taldea: Realak ostegunean jokatuko du Europa Leagueko kanporaketako joaneko neurketa Manchester Uniteden aurka. Taldeaz gain, une gozoan helduko dena Alexander Isak da. Aurrelari suediarrak eskuratu zuen atzo Realaren gol bakarra, 30. minutuan, eta bosgarren neurketaz jarraian lortu zuen baloia sarera bidaltzea. 

Jokaldia Joseba Zalduaren hanketan hasi zen. Donostiarrak erdiraketa bikaina jarri zuen, eta gutxigatik ez zen sartu Mikel Oiartzabalen errematea; Isak, ordea, egon behar zuen lekuan zegoen, eta baloia bultza soilik egin behar izan zuen denboraldiko bere bederatzigarren gola eskuratzeko. Aukera gutxi gehiago izan zituen Realak.

Neurketak balio izan zuen lehen aldiz Realaren zelai erdiko hirukote magikoa batera ikusteko: Illarramendi, Merino eta SIlva hasieratik zelairatu zituen Alguacilek, eta haietako bi lesioetatik atera berri dauden arren, igerri zen haien presentzia zelaian. Garaipenari esker, sailkapenean bosgarren da Reala, eta olatu ona hartu du denboraldiko unerik garrantzitsuenetako batean.

Getafe: Soria; Damian Suarez (Aleña, 57'), Chakla, Cabaco, Oliveira (Portillo, 72'); Maksimovic (Kubo, 57'), Arambarri, Nyom, Cucurella; Cucho Hernandez (Enes Unal, 72') eta Mata (Angel, 77'). 

Reala: Remiro; Zaldua, Elustondo, Zubeldia, Monreal; Illarramendi (Gebara, 87'), Merino, Silva (Le Normand, 86'); Januzaj (Portu, 73'), Oiartzabal (Barrenetxea, 78') eta Isak (Fernandez, 78').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.