Levante 0-1 Osasuna

Budimir, Herrera eta garaipena

Levantek urtebete zeraman etxean galdu gabe, baina, Budimirrek 74. minutuan sartutako golari eta Herrerak jarraian gelditutako penaltiari esker, hiru puntu garrantzitsu eskuratu ditu Osasunak.

Osasunako jokalariak, atzo, Budimirren gola ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE
2021eko otsailaren 15a
10:45
Entzun

Osasunak bi garaipen eskuratu ditu jarraian. Erronka zaila zuten atzo Jagoba Arrasateren mutilek: etxean galdu gabe urtebete zeraman Levanteri gailentzea. Ciutat de Valencia estadioan irabazi zuen azken taldea Alaves zen, iazko urtarrilaren 18an (0-1). Osasunak, ordea, lortu zuen helburua; hori bai, gogor lan eginda.

Neurketako aukerarik onenak etxeko taldeak izan zituen, baina neurketa bikaina egin zuen Sergio Herrerak, gorritxoen atezainak. Bigarren zatiaren erdialdean, Levantek neurketa nahi zuen tokian zuela zirudien, baina kontraeraso bikain bat egin zuten Barjak eta Budimirrek, Arrasateren aldaketetako bik. Lehenak gidatu zuen baloia, eta erdiraketa bikain errematatu zuen aurrelari kroaziarrak.

Neurketa, ordea, ez zen hor amaitu. Handik gutxira, penalti bat egin zuen Juan Cruzek, baina haren erakustaldiari ginga jarri zion Herrerak, eta Moralesen jaurtiketa gelditu zuen. Azken bi garaipenei esker, sailkapenean hamabigarren da Osasuna, eta lau puntura ditu jaitsiera postuak. Arnasa apur bat har dezakete nafarrek.

Levante: Aitor Fernandez; Duarte, Rober (Bardhi, 62'), Vezo, Miramon (Son, 85'); Radoja, Toño (Clerc, 74'), Malsa, Rochina (De Frutos, 62'); Sergio Leon (Morales, 62') eta Dani Gomez.

Osasuna: Herrera; Nacho Vidal, David Garcia, Aridane, Juan Cruz; Iñigo Perez (Manu Sanchez, 70'), Moncayola (Unai Garcia, 86'), Torro, Ruben Garcia (Oier, 81'), Roberto Torres (Barja, 70'); eta Calleri (Budimir, 70').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.