Finantzak

Laboral Kutxak 87 milioi irabazi zituen 2020an, %36 gutxiago.

Hornidurak handitu ditu, eta kapitala sendotu du: %21,26 kaudimena dauka.

Laboral Kutxaren egoitza, Arrasaten. LABORAL KUTXA.
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 15a
11:35
Entzun

Bere lehiakideen antzera, Laboral Kutxari ere nabarmen jaitsi zaizkio irabaziak 2020. urtean. Mondragon taldearen finantza erakundeak 2019an baino %36 gutxiago irabazi zuen iaz; kopuru osoetan, 50 milioi euro gutxiago irabazi ditu, 137 milioitik 87 milioira igaro baita.

Irabazi txikiagoen garaia luzatu egingo dela uste du Laboral Kutxak, koronabirusaren pandemiaren eragin kaltegarria batu zaiolako aurreko urteetan finantza erakundeek negozioa egiteko zuten zailtasunari, interes tasa txikiei. Euriborra, esaterako, inoizko maila txikienean dago, -%0,5ean, eta horrek zaildu egiten du bankuek bere negozio ohikoa egitea: aurrezkia jasotzea eta hari ematen dioten interesa baino handiagoa duten maileguak ematea. Interes marjina 254.6 milioikoa izan da, %1,89 handiagoa, baina hori «bultzada komertzialaren ondorioz» izan da. Hau da, enpresei mailegu gehiago eman dizkielako inbertsioetarako, eta familiei etxeak erosteko. 

Kreditu inbertsioan 2020. urtea «inflexio puntua» gertatu dela azaldu du Laboral Kutxak, aspaldiko partez gehiago direlako sinatutako mailegu berriak urtean amortizatutakoak baino. Kredituen saldo bizia %4 handitu zaio, 14.382 milioiraino. Hipoteketan, esaterako, 2019an baino %16,8 gehiago eman ditu, eta urtearen amaieran saldoa aurreko urtekoa baino %1,2 handiagia zen, hamarkada batez jaisten aritu ondoren. Ez da halakorik gertatu kontsumorako kredituetan: %9,7 gutxituko zaizkio.

Enpresen arloan, pandemiak handitu egin ditu haien finantzaketa beharrak, eta hori nabaritu da kontratazioan: aurreko urtean baino %80 mailegu gehiago eman ditu, eta kredituen saldo bizia %15 handitu da. Horietako asko enpresei likidezia bermatzeko maileguak izan dira, eta erakundeek ICO, Elkargi, Sonagar eta EIFren bitartez gaitutako tresnen bidez eman dituzte.

Berankortasuna handitzeko zain

Mailegu asko emateak badu arrisku bat: haietako batzuk bueltan ez jasotzea. Krisiaren ondorioz arriskua are handiagoa dela onartu du Arrasateko kreditu kooperatibak. «Datozen hiletan eta urteetan, familiei eta enpresei pizgarriak emateko neurria bertan behera utzi ostean, berankortasunak gora egingo duela espero da». Horregatik, zuhur jokatzea erabaki du, eta 65,7 milioi euroko ezohiko hornidura egin du, etorkizunean izan ditzakeen mailegu usteletarako prest egoteko. 2020an, berez, berankortasuna 0,42 puntu jaitsi zaio Laboral Kutxari, eta %3,31koa du.

Etor daitezkeen arazoei aurre egiteko, Europako Banku Zentralak behin eta berriro eskatu die bankuei beren kapitala sendotzeko, eta horregatik debekatu die oraintsu arte irabaziak banatzea. Talde txikia izanik, Laboral Kutxa ez dago EBZren zaintza zuzenean, baina hark ere egin ditu etxeko lanak. CET1 ratioaren arabera neurtuta, %21,26ko kapitala du Laboral Kutxak, «kaudimenik handiena bere erreferentziazko merkatuan».

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.