Koronabirusa

ELAk grebara deitu ditu eskola garraioko eta jangeletako langileak

Otsailaren 23rako eta 24rako egin dute deialdia. Besteak beste, lanpostuak bermatzea eta neurri eta protokolo zehatzak eskatu dituzte.

Hezkuntzan azpikontratatutako langileen elkarretaratze bat, artxiboko irudian. ARTZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko otsailaren 15a
12:09
Entzun

Beste behin ere, grebarako deia egin du ELA sindikatuak eskola garraiorako eta jangeletarako. Hain zuzen, otsailaren 23rako eta 24rako egin du deialdia, eta eskola publikoetan nahiz itunpekoetan izango du eragina. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta patronalak orain arteko jarrerarekin segitzen dutela azpimarratzearekin batera, hiru salaketa egin dituzte: ez dietela zerbitzua eskaintzen bazkaltiar guztiei, neurri eta protokolo zehatzak falta zaizkiela, eta bermeak falta dituztela segurtasuna eta lana eta lan baldintzak mantentzeko.

Bi egun horiek ez dira izango ELAk eskola garraiorako eta jangeletarako deitutako lehen greba egunak, urtarrilaren 27rako eta 28rako ere egin baitzuen deialdia. Beraz, gaur iragarritako erabakiarekin, greba dinamikarekin segitzea erabaki du sindikatuak. Uste dute badituztela arrazoiak horretarako: «Hezkuntza Sailak ez du hasierako jarrera aldatu, eta kolektiboek egiten dizkioten eskariei erantzun gabe jarraitzen du». Gainera, sindikatuak eman dituen datuen arabera, 17.000 bazkaltiarri jangelan jateko eskubidea kendu diete, eta, ondorioz, aldi baterako mila lanpostu suntsitu dira, eta beste mila lanpostu finko «ezegonkortasun egoerara» pasatu.

Sindikatuaren hitzetan, ikasturte honetarako eskola jantokiei 180 milioi euro eman bazaizkie ere, eta itunpekoak edo pribatuak diren ikastetxeek ere diru laguntzak jaso badituzte ere, Hezkuntza sailak ez du «beharrezko errefortzurik» ezarri horien bidez, eta sindikatuak egotzi dio aurreztea lehenetsi izana «osagarritzat», eta ez hezkuntza sistemaren partetzat dituzten zerbitzu horietan. Segurtasuna bermatzeko ere eskatu dute: «Protokolo eta neurri zehatzik ez izateak zuzenean eragiten die zerbitzuen segurtasunari eta kalitateari, baita langileen eta erabiltzaileen osasunerako eskubideari ere; izan ere, eskola ordutegirako hartutako erabakiek ez dute eraginik jantokiko edo autobuseko ordutegietan». ELAk zerbitzu horien aldeko «benetako apustua» eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.