Mendebaldeko Balkanak

Kosovoko Parlamenturako bozak Autodeterminazioa ezkertiarrak irabazi ditu

Albin Kurtiren alderdiak botoen %47,89 bildu ditu, baina ez du gehiengo osorik lortu. Gobernabidea bermatzeko, beste indarrekin negoziatu beharko du.

Autodeterminazioko Albin Kurti, atzo, botoa eman osteko agerraldian. VALDRIN XHEMAJ / EFE
ander perez zala
2021eko otsailaren 15a
12:54
Entzun

Autodeterminazioa alderdi sozialdemokrata eta nazionalistak irabazi ditu Kosovoko Parlamenturako hauteskundeak, botoen %47,89 eskuratuta. Albin Kurti lehen ministro ohia buru duen indar politiko horrek bikoiztu egin du 2019ko bozetan lorturiko babesa, baina ez du gehiengo osorik eskuratu, eta, hortaz, ordezkaritza lortu duten gainontzekoekin negoziatu beharko du gobernabidea. Kurtik hitzeman du «justizia eta enplegua» izango direla bere lehentasunak.

Hauteskunde Batzorde Zentralaren behin-behineko datuen arabera, 1990eko hamarkadan Serbiaren aurka borrokatu zen UCK Kosovo Askatzeko Armadatik sorturiko PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoa izan da babesik handiena bildu duten alderdietan bigarrena (%17,36), eta haren atzetik izan da Avdullah Hotiren LDK Kosovoko Liga Demokratiko kontserbadorea (%13,08), egun agintean dagoen alderdia. Gutxiengo etnikoek ere ordezkaritza izango dute parlamentuan, 120 eserlekuetatik hogei bermatzen baitizkie legeak –serbiarrak dira gehienak–. Parte hartzea, berriz, hiru puntu igo da, %47,08raino.

Kosovon desegonkortasun politikoa da nagusi, eta horrek zaildu egingo ditu gobernu bat osatzeko negoziazioak, alderdien arteko harremanak ez baitira oso onak. Gainera, iragan urtean gertaturikoak ere pisua izango du erabakietan; Autodeterminazioak eta LDK-k koalizioa osatu zuten iaz, eta Kurti lehen ministro bilakatu zen, baina zazpi aste besterik ez zuen iraun boterean, martxoan kargugabetu egin baitzuten zentsura mozio baten bidez, argudiatuta ez zela gai COVID-19aren pandemiari aurre egiteko.

Hotik hartu zuen orduan agintea, Auzitegi Konstituzionalak baimena eman baitzion gobernua osatzeko bozetara joan gabe. Baina horrek gutxi iraun zuen, auzitegi berak iragan abenduan ebatzi baitzuen iruzurragatik zigortu zuten diputatu baten botoak ez zuela balio, eta, hortaz, gobernuak ez zuela behar adina babes jaso. Kurtiren helburuetako bat, hortaz, desegonkortasun hori etetea izango da, ustelkeria amaitzearekin batera.

Horretarako, baina, oinarri sendoko koalizio bat osatu beharko du. Hauteskunde Batzorde Zentralak ez du oraindik parlamentu berriaren osaera jakinarazi, baina hango hedabide batzuek 120tik 29 eserleku eman dizkiote Autodeterminazioa alderdiari.

Kanpainako beste auzietako bat izan da pandemia eta horrek ekarri duen krisi ekonomikoa. Kosovora ez da oraindik txertorik iritsi, eta Hotik hitzeman du aurre egingo diola gabezia horri. Haren esanetan, berak gidatzen duen jarduneko gobernuak 1,85 milioi dosi erosi ditu 40 milioi euroan, eta ziurtatu du herritarren %75 txertatuta egongo direla urte amaierarako.

Baieztapen horiek gezur hutsa direla salatu dute gainerako alderdiek. Kurtik ohartarazi zuen bere gobernua izango dela soilik Kosovon txertaketa kanpaina duin bat antolatzeko gai, biztanleriaren %60 txertatuko dela ziurtatuko duena.

Egoera ekonomikoak nabarmen egin du okerrera koronabirusaren hedatzearekin. 2020an, 92.000 lagun baino gehiago gelditu dira lanik gabe, eta barne produktu gordina %9 murriztu da. Langabezia tasa %30ekoa da, eta gazteen erdiak ari dira lan bila. Lehendik ere, egoera ez zen samurra Mendebaldeko Balkanetako estaturik pobreenean. Kosovon bizi proiektu bat garatzeko aukera faltagatik, 170.000 herritarrek utzi zuten herrialdea 2015 eta 2019 artean —biztanleriaren ia %10ek—.

Serbiarekiko harremanak

Beste erronka bat Serbiarekiko harremanak bideratzea izango da. Kosovok independentzia deklaratu zuen 2008an, eta aldebakarreko erabakiz banandu zen herrialde horretatik. Belgradek, ordea, ez du estatu independente gisa aitortzen, eta bere lurraldearen parte dela aldarrikatzen du. Azken hilabeteetan, Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek ahalegina egin dute Serbiaren eta Kosovoren arteko akordio bat lortzeko, bien arteko harremanak bideratze aldera, baina egin dituzten bilerek ez dute uztarik eman.

Hain justu, Pristinaren eta Belgraden arteko elkarrizketak ere eztabaidagai izan dira kanpainan. Kurtik gogor kritikatu du Hotiren gobernuak Serbiarekin izan duen jarrera. Haren esanetan, otzanegia izan da, eta ohartarazi du egiazko elkarrizketa berdintasun printzipioa betez gerta daitekeela soilik.

Autodeterminazioa alderdia demokrazia zuzenaren aldekoa da, eta defendatu du herritarrek aukera izan behar dutela Kosovoko gai garrantzitsuenen gainean erreferendum bidez erabakitzeko. Besteak beste, herrialdeak Albaniarekin batu nahi duen erabaki beharko lukete herritarrek, Kurtiren iritziz.

Hurrengo erabakia estatuburuari begirakoa izango da; presidentea aukeratzeko bozketa laster egin beharko lukete, hil honetan edo martxoan beranduenez. Hashim Thacik iragan azaroan eman zuen dimisioa, Kosovorako Auzitegi Bereziak gerra krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik inputatu zuela berretsi ostean; auzitegiak 1998. eta 1999. urteetan Serbiako indarren aurka UCKren buruzagi moduan izandako rolagatik hartu zuen delitu horiek egozteko erabakia.

Legediaren arabera, hautagaiek gutxienez parlamentuko 81 diputaturen babesa jaso behar dute lehen bi bozketetan estatuburu izendatzeko; halakorik gertatzen ez bada, nahikoa izango da hirugarren bozketan 61 boto jasotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.