Katalunia

Fiskaltzak errekurtso bat aurkeztu du buruzagi independentisten hirugarren graduaren aurka

Hirugarren graduak Gorenaren epaia urratzen duela ohartarazi du fiskaltzak.

Fiskaltzak jarritako helegiteak eten egin dezake U-1eko politikari independentisten hirugarren gradurako baimena. EFE
2021eko otsailaren 15a
14:08
Entzun

Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen biharamunean, fiskaltzak errekurtso bat aurkeztu du Kataluniako prozesu subiranistaren ingurumarian atxilotutako bederatzi politikari independentistei baimendutako hirugarren graduaren aurka. Orain, lo egitera soilik joaten dira espetxera, eta asteburuetan etxean lo egin dezakete. Fiskaltzak jarritako helegiteak, baina, aldatu egin dezake premisa hori; izan ere, hirugarren gradurako baimena eten eta «berehala» espetxera itzul daitezen eskatu du Auzitegi Gorenak azken epaia eman bitartean.

Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Cuixart, Jordi Sanchez, Josep Rull, Jordi Turull, Joaquim Forn, Carme Foracell eta Dolors Bassa dira 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta auzipetu zituzten buruzagiak, eta, fiskaltzak jarritako helegitearen ondorioz, berriz ere espetxean sartzeko arriskuan daude. Errekurtso hori formalki ezarrita, ez dakite hirugarren gradurako baimena automatikoki etengo dieten edo epaileak gaia aztertu eta erabakiren bat hartu arte itxaron beharko duten. Errekurtsoan nabarmendu dutenez, buruzagiei baimendutako hirugarren graduak ez ditu betetzen Auzitegi Gorenak ezarritako kondenaren helburuak, zigorraren erdia bete ez dutelako eta egozten zaien delitua onartu ez dutelako.

«Herrialde bat dugu altxatzeko»

Hauteskundeen kanpaina hasi eta bateratsu irten ziren buruzagiak espetxetik. Irten berritan, agerraldi bat egin zuen Oriol Junqueras presidenteorde ohiak, eta hitzeman zuen «errepresioa amaitu eta erbesteratuak itzultzeko» lan egingo duela. Kataluniak dituen erronka nagusietan egin beharreko «ahaleginaz» ere aritu zen. «Herrialde bat dugu altxatzeko, pandemia bat gainditzeko eta ekonomia bat suspertzeko», adierazi zuen.

Buruzagi independentistak kartzelatik atera berritan / EFE

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.