Koronabirusa

Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu asteburuan, Bilbon, Gasteizen eta Urnietan

Urnietan, kalean zeuden gazte batzuen kontra jo dute ertzainek. Ehunka salaketa jarri dituzte asteburuan Hego Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan.

Ertzaintzaren kontrol bat, koronabirusaren izurriaren aurkako neurrien harira. JAIZKI FONNEDA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 15a
15:19
Entzun

Hainbat istilu gertatu ziren larunbat gauean Bilbon, Gasteizen eta Urnietan (Gipuzkoa), tabernak ixteko orduaren inguruan sorturiko istiluetan.

Gasteizen bi pertsona atxilotu zituzten, 20:00ak baina apur bat lehenago. Efe agentziak zabaldu duenez, uniformerik gabeko udaltzain patruila batek ikusi zuen taberna batean pertsona talde bat zegoela maskararik gabe, tartean tabernaren jabea. Horiek identifikatzeko laguntza eskatu zuten, eta udaltzain uniformedunak agertu zirenean, tabernako bezero batek haien kontra jo zuen, eta polizietako bat begian zauritu zuen, ukabilkada batez, agentziak zabaldu duen bertsioaren arabera, betiere. Horrekin batera, beste pertsona bat atxilotu zuten, eta agintearen agenteei eraso egitea leporatu diete.

Gasteizko alde zaharreko Hedegile kalean egin zituzten atxiloketak, eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren talde askok hartu zuten parte, protesta egin zuten pertsona multzoak elkartu zirelako.

Lekuko batzuek nabarmendu dute polizia autoak abiada handian ibili zirela alde zaharrean, eta jendea harrapatzeko arriskua sortu zutela.

Bilboko atxiloketa taberna baten terrazan egin zuten. Ertzaintzaren arabera, maskararik gabe zegoen gizonezko bat identifikatzera joan ziren poliziak, eta hark identifikatzeari uko egin zien. Desobedientziagatik atxilotuko zutela entzutean, eraso egin zien agenteei, Ertzaintzaren bertsioaren arabera.

21:00etan, Urnietako Idiazabal kalean Ertzaintzaren hiru furgoneta agertu ziren, jendea kalean zegoela tabernak itxi ostean. Lekukoen arabera, poliziak borrak eskuetan korrika atera ziren furgonetetatik, eta Xauzar tabernaren kanpoaldean zegoen gazte talde baten kontra jo zuten. Gazteetako batzuek korrika egin zuten ihes, baina beste batzuek geratzea erabaki zuten, legea hausten ari ez zirelakoan. Herriko Aiurri aldizkariak haietako baten lekukotasuna jaso du: «Korrika alde egitea erabaki ez genuenok identifikatu egin gintuzten. Oso txarrera joan ziren. Ez geunden ezer egiten, eta jotzera etorri ziren. Harrigarria izan zen».

Sare sozialetan zabaldu den bideo batean ikusten denez, ertzainek lurraren kontra daukate gazteetako bat, atxilotzeko.

«Bastante umil joan ginen, lasai, eta nahiko bortitz jokatu zuten gurekin», esan du beste lekuko batek. «Ezin da haiekin hitz egin, ez da posible. Indarkeria eta bortizkeria ateratzen zaie azkar. Festa giro lasaiko eguna zapore garratzarekin amaitu zen». Ertzaintzak bederatzi pertsona identifikatu zituela adierazi du.

Horiez gain, beste esku hartze batzuk egin zituen Ertzaintzak. Abadiñon (Bizkaia), etxebizitza bat inguratu zuten, 01:00ean, han jai bat egiten ari zirelakoan. Etxean zeudenek uko egin zioten ateratzeari, eta zortzi ordu geroago identifikatu ditu Ertzaintzak. Poliziaren arabera, identifikaturiko zortzi pertsonetatik bat bera ere ez zegoen erroldatuta etxe horretan.

Irunen (Gipuzkoa) kalean edaten ari ziren 11 pertsona identifikatu zituzten, eta isuna jarri zieten.

Tolosan (Gipuzkoa), etxebizitza batean urtebetetze bat ospatzen ari ziren sei pertsona identifikatu zituzten, 23:30ean, Ertzaintzak adierazi duenez. Lazkaon (Gipuzkoa) garaje batean botila festa egiten ari ziren zortzi pertsona identifikatu zituztela zabaldu du Ertzaintzak.

Bilbon, ustez beste jai batean parte hartzen ari zirenak identifikatu zituzten, 01:00ean. Bilboko Udaltzaingoak salaketa jarri die 103 pertsonari, izurriaren kontrako arauak haustea egotzita.

Iruñean ere, 108 salaketa jarri ditu Udaltzaingoak asteburuan. Urtarrilean, denera, 41 pertsona atxilotu zituzten udaltzainek, eta beste 11 «ikertu» zituzten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.