Argentina

Menem presidente ohia lurperatuko dute gaur

Igandean hil zen presidente ohi eta senataria, bihotzeko arazoen ondorioz. Agintean egon zen 1989tik 1999ra, eta politika neoliberala ezarri zuen.

Argentinako militarrak, Carlos Menem presidente ohiaren zerraldoa garraiatzen, gaur, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 15a
16:24
Entzun

Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteordeak egin zion harrera, atzo, Carlos Menemen hilkutxari, herrialde Kongresura eraman zutenean. Igandean hil zen presidente ohia (1989-1999) gernuko infekzio batek aspaldi zituen bihotzeko arazoak larriagotuta. Menemek 90 urte zituen, eta erietxean zegoen abenduaren 15etik.

Estatu agurra egingo diote agintari ohiari. Haren hil kapera Senatuan jarri zuten atzo. Izan ere, senatari kargua zuen Menemek. Gaur lurperatuko dute, Buenos Aires herrialdeko hilerri musulmanean. Izan ere, Menem katolikoa zen, baina hilerri horretan daude haren semerik zaharrenaren gorpuzkiak.

Jendetza elkartu zen atzo Kongresuaren atariak, gorpua txaloekin hartzeko. Alberto Fernandez presidentea peronista da, Menem zena bezala, eta hiru eguneko dolu nazionala dekretatu zuen atzo.

Eztabaida handia dago Menemen ondare politikoaren inguruan. Izan ere, haren agintaldian politika neoliberala ezarri zuen, eta enpresa publiko ugari pribatizatu zituen. Argentinarrei sinetsiarazi zien herrialdeak oparotasun aldi bat bizi zuela, ekonomiari dagokionez. Baina 2011. urtean, dekoratua hondoratu egin zen, eta herritar askok aurrezturiko guztia galdu zuen.

Horrez gain, ustelkeria kasuetan nahastu zuten Menem, nahiz eta ezin izan zuten epaitu, senatari gisa foruduna zelako.

Horren erakusgarri, Rio Tercero herriak uko egin dio dolu nazionalekin bat egiteari. Izan ere, 1995ko azaroaren 3an leherketa bat gertatu zen hiri hartako Arma Militarren Lantegian. Zazpi pertsona hil eta 300 zauritu zituen eztandak. Menemek esan zuen istripu bat izan zela, baina ikerketa batek argitu zuen erasoa izan zela, eta lau militar zigortu zituzten. Antza, arma kontrabandoa ezkutatu nahi izan zuten leherketarekin.

Argentinako Israeldarren Elkarteak ere gogoratu du Menemen agintaldian gertatu zirela herrialdean eginiko erasorik larrienak: Israelgo enbaxadaren aurkakoa 1992an (22 pertsona hil zituzten) eta AMIA erakunde juduaren kontrakoa bi urte geroago (85 hildako). Elkarteak adierazi duenez, «bi sarraskiok zigorgabe daude» oraindik. Menemek azken erasoaren egiletza ezkutatu zituela salatu du elkarteak.

Horrez gain, herrialdeak pairaturiko azken diktadura militarreko arduradunei indultua emateko erabakia gaitzetsi du elkarteak.

Menem koman sartu zuten Gabon Gauean, infekzioari aurre egiteko. Urtarrilaren 8an atera zen komatik, baina hilaren 19an berriz egin zuen okerrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.