Koronabirusa

Iruñeko San Juan de Dios ospitaleko txertaketa prozesuan «irregulartasunak» antzeman ditu LABek

Sindikatuak salatu duenez, ospitaleko zuzendaritzak «era arbitrarioan» lehenetsi ditu gaixoaldian edo eszedentzian diren langileak.

Erizain bat, COVID-19aren aurkako txertoa jartzen, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko otsailaren 15a
16:53
Entzun

LAB sindikatuak salatu du Iruñeko San Juan de Dios ospitaleko txertaketa prozesua ez dela gardena izaten ari, eta zentroko zuzendaritza «era arbitrarioan» ari dela dosiak banatzen, Osasunbideak ezarritako irizpidea aintzat hartu gabe: «Ospitaleko zuzendaritza taldeak erabaki du langileei txertoa jartzea osasun agintariek ezarritako lehentasun irizpideei kasurik egin gabe, eta, horrenbestez, COVID-19 solairuetan badira oraindik ere txertatuak ez dauden hainbat langile». Zehazki, langile horien aurretik, gaixoaldian edo eszedentzian diren beste batzuk lehenetsi dituzte txertaketa prozesuan: «Nafarroako Gobernuak txertoak eman zizkion zentroko zuzendaritzari lantaldean txertaketari ekin ziezaion, baina zuzendaritzak ez du espero bezala jardun. Lehentasuna eman zaie eszedentzian dauden langileei eta gaixoaldi luzea dutenei, baita ospitalera joaten ez diren zenbait boluntariori ere».

Horrez gain, sindikatuak txarretsi du ospitaleko zuzendaritzak langile batzordeari ez eman izana txertaketa protokoloaren berri, eta aintzat hartu ez izana langileen ordezkarien iritzia: «Badirudi inprobisazioa eta arbitrariotasuna izan direla zentroko zuzendaritzaren irizpide bakarrak».

Hori dela eta, lantalde osoa «osasun agintariek ezarritako protokolo eta irizpideen arabera» lehenbailehen immunizatzeko eskatu die LABek ospitaleko arduradunei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.