En Comu Podem, independentisten arteko akordiorako lehen oztopoa

Comukoak ere koalizioan sartu nahi ditu Pere Aragones ERCko zerrendaburuak; Junts per Catalunyak, ordea, alderdi subiranistez osatutako gobernua nahi du.

Pere Aragones ERCko zerrendaburua eta Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde kargugabetua. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 15a
18:16
Entzun

Kataluniako Parlamenturako emaitzen berri jakin eta ordu gutxira agertu da negoziazioetarako lehen oztopoa, eta izen propioa du: ECP En Comu Podem. Alderdi independentistek osatuko luketen balizko koalizioan sartu nahi du hura ere ERC Esquerra Republicana de Catalunyak. Baina JxC Junts per Catalunya ez dator bat. Laura Borrasen taldeak gobernu independentista nahi du.

PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak lortu zuen boto gehien igandean egindako parlamenturako hauteskundeetan, baina eserlekuetan ERCrekin berdindu zuen 33na. Salvador Illa hautagai sozialistak igande gauean bertan iragarri zuen inbestidurara aurkezteko asmoa, baina gaur gaurkoz ez du horretarako nahikoa sostengu. ERCko zerrendaburu Pere Aragonesek, aldiz, gehiengo osoa izango luke JxCen eta CUPen babesa eskuratuz gero.

Esquerrako bozeramaile Marta Vilaltak iragarri du «berehala» hasiko dituztela «gobernu zabal bat» osatzeko negoziazioak. Horretarako elkarrizketak zuzenduko dituen talde estrategiko bat osatuko dute, eta hori egindakoan Juntsekin eta CUPekin bilduko lirateke, hurrenez hurren. Bai Vilaltak berak eta bai Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde kargugabetuak baztertu egin dute sozialistekin koalizioa osatzeko aukera, azken horren esanetan bi alderdiak «elkarren aurkakoak» direlako.

Junquerasek argi utzi du gobernu berriak «subiranista eta ezkerrekoa» behar duela izan, eta beraz PSCk ez luke tokirik bertan. Vilaltaren esanetan, 2017an Ciutadanseko zerrendaburu zen Ines Arrimadasen egoera berean dago egun Illa, eta aurreratu du ez duela eta ez duela izango presidentetza eskuratzeko nahikoa babesik. Aldiz, nabarmendu du ez diela betorik jarriko presoen askatasuna eta erreferenduma babesten duten alderdiei. 

Vilaltak historikotzat jo du independentismoak botoen %50eko langa igaro izana, eta nabarmendu du herritarrek «mezu argi bat» helarazi diotela nazioarteari: «Katalunia estatu independente bat izango da».

Koalizioa bai, baina Comukorik gabe

Borrasek gogorarazi du independentismoak botoen erdiaren langa gainditzeak «ondorio politikoak» izan behar dituela, eta beraz Generalitatearen buruzagitza hartuko duen koalizioak hori islatu behar duela, eta bide orri horretan ez dagoela Comukoentzako tokirik. Zerrendaburuaren tesia defendatu du Jordi Sanchez idazkari nagusiak ere. «Lanean hasteko garaia da orain, eta Junts zain dago ERCk legaldia kudeatuko duen gehiengo independentista osatzeko urratsak egin ditzan», adierazi du Sanchezek, eta ohartarazi akordioak CUP, ERC eta JxC soilik hartu behar dituela aintzat, nahiz eta baztertu ez ECPkoekin «akordio puntualak» egiteko aukera.

Gobernuan nork zein kargu hartuko dituen galdetuta, Borrasek erantzun du Juntsen ez dutela inolako arazorik presidente kargua Aragonesen esku uzteko, finean Esquerrak eserleku bat gehiago eskuratu duelako. Baina, aldi berean, nabarmendu du hautetsontziek bestelako mezu bat ere utzi dutela, independentismoarena, eta beraz, «independentisten artekoak» behar dutela izan elkarrizketak.

Baina garaileak koalizioari buruzko eztabaidan ari diren bitartean, azken postuetan geratu direnen artean beste bat da mahai gainean dagoen gaia. Ciutadansek, zeinak 30 ordezkari galdu dituen igandeko bozetan, batzorde exekutiboaren ezohiko bilera egitekoa zuen gaur arratsaldean. Iturri ofizialek baztertua zuten aurrez inolako dimisiorik egongo zenik alderdi barruan, nahiz eta onartu emaitzak «oso txarrak» izan direla. Baina alderdiak ez dira denak iritzi berekoak. Bere burua Cs Berritzaileak gisa izendatu duen talde batek ohar bat bidali du komunikabideetara gertatutakoaren erantzukizuna Ines Arrimadasi egotziz. Idatziaren arabera, Bartzelonatik Kataluniara joatea izan zen Arrimadasen lehen akatsa, oposizioburu izan beharrean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.