Cadiz 0-4 Athletic

Partida eta garaipen biribila

Athleticek 0-4 irabazi du Cadizen, sasoiko lehen zati onena jokatu ostean. Ordu erdirako 0-3 zen aurretik talde zuri-gorria. Berenguerrek (2), Unai Lopezek eta Williamsek sartu dituzte golak.  

ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 15a
23:30
Entzun

Azken hiru partidetan porrot bat eta bi berdinketa pilatu ostean, Athleticek garaipena lortu du berriro. Hasi eta buka hartu du mendean Cadiz, eta horren isla izan da emaitza: 0-4. Alex Bereguerrek (2), Unai Lopezek faltaz eta Iñaki Williamsek sartu dituzte golak. Zuri-gorriek denboraldiko lehen zati onena jokatu dute, bizi jokatuz, baloiarekin eroso arituz eta Cadizen presioa erraz gaindituz. Etxekoak ezinean aritu dira, eta apenas gerturatu dira Unai Simonen atera.

Levanteren aurkako Espainiako Koparekin alderatuz, lau aldaketa egin ditu Marcelino Garciak. Unai Nuñez, Mikel Vesga, Unai Lopez eta Berenguer hasieratik aritu dira. Ondo atera zaio apustua teknikariari. Partida atariko prentsaurrekoan esan zuen funtsezkoa zela Cadizen aurkako norgehiagoka, berriro ere konfiantza hartu eta Europako postuak are gehiago ez urrutiratzeko. Argi esan zuen irabaztera irten behar zutela hasieratik. Eta fin bete dute jokalariek hark eskatutakoa. Izan ere, lehen jokalditik estu hartu dute Cadiz. Eta lehen ordu erdirako ia erabakita utzi dute neurketa, 0-3 aurreratu baitira. Berenguerrek egin ditu lehena eta hirugarrena (5. eta 29. min.), eta bigarrena, falta jaurtiketa oso on batekin Unai Lopezek (15. min). Polita ere Berenguerren bigarrena. Taldeko jokaldi on baten ostean, Raul Garciak pase sakon neurtua eman baitio, eta aurrelariak goitik baloia loratuta Geremias Ledesma gainditu baitu. Bolada txarrean da Cadiz, eta abantaila horrekin asko zuen irabazita Athleticek.

Goitik behera gailendu zaio Athletic Cadizi lehen zati horretan, arlo guztietan izan da nagusi. Cadiz Athleticek atzean egindako pare bat akatsei esker iritsi da Unai Simonen atera. Baina aparteko arriskurik sortu gabe. Alderantziz, Williamsek, Berenguerrek eta Vesgak gertu izan dute laugarrena. Fisikoki oso fresko eta bizi azaldu da Marcelinoren taldea, eta nahi bezala gainditu du Cadizen presioa. Alvaro Cerveraren taldearen ezaugarrietako bat da goian presioan egitea. Baina gaur ez du asmatu. Zuri-gorriek erraz topatu dituzte zuloak, eta hura gainditzeko bideak.

Bigarren zatian beste itxura bat emateko beharra zuen Cadizek, eta Cerverak lau aldaketa egin ditu. Lehen minutuetan etxeko taldeak hobeto eta gehiago estutu du. Baina ahalegin txiki bat baino ez da izan. Izan ere, Athleticek laugarrena sartu du. Atzean pare bat pase eman, Unai Nuñezek luze jaurti du baloia, eta ohikoa duen abiadurarekin Williamsek atzean utzi du Cala, eta gola egin du.

Partida are erabakiago zegoen, eta Marcelino igandean Vila-realen aurka jokatu behar duten partidan hasi da pentsatzen. Hala, Williams eta Raul Garcia kendu ditu, Villalibre eta Morcilloren ordez. Cadizek ezinean segitu du; Athletic, berriz, gozatzen aritu da, eta konfiantza gehiago hartzen datozen neurketei begira. Azken minutuetan partidak behera egin du. Izan ere, Cadiz jasotako kolpea gainditu ezinik zegoen, eta Athletic apur bat jaitsi du bere presioa. Hala amaitu da partida. Albiste txar bakarra izan da Unai Nuñezek eta Vesgak ezingo dutela hurrengo partida jokatu txartel pilaketengatik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.