Epaitegiak

Iruñeko epaile baten arabera, Poliziaren esku hartzeak ezin dira zuzenean jarri Interneten

Bideo bat grabatzea «agintekeriari aurre egiteko berme bat» izan liteke haren ustez, baina zuzenean emateko arrazoirik ez dagoela ebatzi du isun bat jartzen ari ziren udaltzain batzuk filmatu zituen herritar baten aurkako epaian.

Nafarroako Justizia Jauregia, artxiboko argazki batean. VILLAR LOPEZ / EFE
2021eko otsailaren 16a
16:19
Entzun

Iruñeko epaile baten iritziz, herritar batek bere eskuko telefonoarekin filma dezake Poliziaren esku hartze bat, agintekeriari aurre egiteko modua izan dezan. Epaile horren beraren arabera, ordea, bideo hori ezin liteke zuzenean eman sare sozialetan, «arrazoirik izan gabe» erakutsiko lukeelako polizien lana.

Iruñeko 4. Zigor Epaitegiko epaileak hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio herritar bati erresistentziagatik, «mozkor» egotea aringarri gisa hartuta, eta 125,28 euroko kalte ordaina eman beharko dio udaltzain bati.

«Kasu horretan, filmatzea ez zen balizko agintekeria eragozteko berme bat, baizik lanean ari ziren agenteen arrazoirik gabeko erakuste mediatiko bat, eta, bereziki, akusatuak hurbiletik filmatu zuen agentearena, hura nor den tximista bezala zabal baitaiteke sare sozialetan», adierazi du epaileak.

Iazko azaroan, akusatua garagardoa edaten ari zen kalean, eta patruilatzen ari ziren udaltzain batzuk harengana joan ziren, isuna jartzeko asmoz. Akusatuak filmatu egin zituen, eta bideoa sare sozialetara igotzen ari zela esan zien. Udaltzain batek telefonoa kendu eta filmatzen ari zen bideoa eten zuenean, auzipetuak «bultzada gogor bat» eman zion bularrean, epaiaren arabera.

Fiskaltzak 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen auzipetuarentzat, autoritatearen kontrako delitua egotzita, eta 600 euroko isun bat ere bai, lesio arinengatik, 125,28 euroko kalte ordainaz gain. Defentsak absoluzioa eskatu zuen.

Epaileak, berriz, erabaki du bultzada ez zela «larria» izan, eta «erresistentzia delitu arina» leporatu dio «eraso delituaren» ordez.

Epaileak bereizi egin du akusatuaren jokabidea Polizia filmatzen duten hedabideetatik, horiek informaziorako eskubidea erabiltzen dutelako. Errepikatu du Polizia filma daitekeela, baina «legearen barruan». Horri lotuta, epaileak adierazi du badela joera bat eskatzen duena poliziek berek filma dezatela beren jarduna; hari «praktika ona» iruditzen zaio hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.