Kaledonia Berria

Gehiengo independentista duen gobernu bat hautatu dute Kaledonia Berrian

Frantziatik ateratzearen aldekoen arteko adostasunik ezak atzeratu egin ditu presidentearen eta presidenteordearen aukeraketak. Parisentzat, koalizio berria izendatzeak «elkarrizketa berreskuratzeko» balio beharko du.

Kaledonia Berriko banderak. BERRIA
ander perez zala
2021eko otsailaren 17a
11:17
Entzun

1998an Noumeako Akordioa sinatuz geroztik lehen aldiz, gehiengo independentistako gobernu bat izango dute Kaledonia Berrian. Koalizioko 11 kideetatik sei dira Frantziatik banatzearen aldekoak: UC-FLNKS Kaledoniar Batasuna-Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko eta UNI Independentziarako Batasun Nazionaleko hiruna ministro. Ezustekoa azken horrek izan du, espero baino bi boto gehiago jaso baititu bozketan, eta, hortaz, beste ordezkari bat lortu baitu gobernuan, EO Ozeaniako Esnaldiaren kalterako; Wallis eta Futunako komunitatea ordezkatzen duen alderdiak zerrenda bateratua aurkeztu zuen UC-FLNKSrekin, baina jokaldia gaizki atera zaio, eta ez du alderdikiderik izango gobernu berrian.

Kaledonia Berria gobernatuko duen koalizioak oraingoz ez du ez presidenterik, ez presidenteorderik, independentistak ez baitira ados jarri kargu horiek banatzearen inguruan. UC-FLNKS eta EOren zerrendaburu Samuel Hnepeune enpresari kanaka zen faboritoa, baina UNIk gobernuan UC-FLNKSren ordezkaritza bera lortu izanak indar oreka moldatu du Frantziatik ateratzearen aldekoen blokean, eta, hortaz, bi indar politikoek negoziatu egin beharko dute gobernuko bi postu garrantzitsuenen aukeraketa. UCk eta UNIk jakinarazi dute asteburuan bilduko dituztela beren bulego politikoak, eta baliteke datorren asterako egoera argitzea.

Gaurko bozketan hiru hautagai aurkeztu dira gobernuburu kargurako. Batetik, AEC Etorkizuna Konfiantzaz loialistako Therry Santa, 2019ko hauteskundeetatik hona presidente izandakoa; bestetik, UC-FLNKSren eta EOren zerrendaburu Hnepeune; eta, azkenik, UNIren Kongresuko talde parlamentarioko buruzagi eta zerrendaburu Louis Mapou. Hiruretako inork ez du lortu botoen gehiengoa: Santak lau eskuratu ditu, eta Hnepeunek eta Mapouk, hiruna —gutxienez sei behar dira—.

UC-FLNKSren eta EOren zerrendaburuak aitortu du bozketa ez dela igaro espero zuten bezala, baina adierazi du espero duela egoera laster bideratuko dutela, Kaledonia Berriak dituen arazoak konpontzen hasteko. EOko presidente Milakulo Tukumulik ere «harrituta» agertu da gertatu denarekin, besteak beste ordezkaritza galdu dutelako gobernuan: «Alderdi Laboristak [independentista] UNIren alde bozkatu izana ulertzen dut, baina Belaunaldiak-ek [loialista]... Galderak sorrarazten dizkit. Gu errepidetik ateratzeko egin dute. Kaledoniar bakoitzak aintzat hartuko du gertatu dena».

Oro har, ezustekoen eguna izan da gaurkoa, eta ideia bera helarazi du Mapouk bozketaren emaitzaz aritzerakoan: «Oso pozik gaude hiru ordezkari lortu ditugulako. Orain, gobernu hau egungo testuinguruan gidatzeko, beharrezkoak izango dira gizon indartsuak». 11 kidek osatuko dute Kaledonia Berriko hamazazpigarren gobernua, eta, independentisten sei ministroez gain, bost kide loialista ere izango dira; AECko lau, eta CE Kaledonia Elkarrekin-eko bat.

Gobernuaren erronkak

Deskolonizazio prozesuko hirugarren eta azken erreferendumari begirako elkarrizketa faltak eta hegoaldeko Goro hirian dagoen nikel plantaren salmentak sorturiko zalapartak aspaldian ikusitako krisi politikorik handiena eragin dute Ozeaniako uharteetan, eta horren harira erori zen aurreko gobernua, hilaren 2an. Independentistentzat, ordea, aukera bilakatu da egoera hori, eta, hogei urtean lehen aldiz gehiengoa izango dute gobernuan, Kongresuan gutxiengoan dauden arren (26-28).

Presidentetza adostea lortzen badute, Frantziatik ateratzearen aldekoek Kaledonia Berriko erakunde guztiak gidatuko dituzte, AECren esku dagoen Hegoaldeko Probintzia izan ezik. Zalantzarik gabe, aldaketa handiak eragingo ditu testuinguru horrek.

Errealitate horren jakitun dago Frantziako Gobernua, eta horren harira adierazi du Sebastien Lecornu Itsasoz Haraindiko ministroak «elkarrizketa berreskuratzeko aukera paregabea» dela Kaledonia Berrian gobernu berria aukeratzea: «Hirugarren erreferendumaren harira baiezkoaren eta ezezkoaren ondorioen inguruko lanaz arituko gara laster eragile  politiko kaledoniar guztiekin».

Azken galdeketa datorren urtearen amaieran egingo dute beranduenez, eta Kaledonia Berriko Kongresuak apiriletik aurrera izango du horretara deitzeko aukera —heren baten babesa nahikoa izango da—.

Deskolonizazio prozesuko lehen erreferenduma 2018an egin zuten, eta bigarrena, iaz; bietan, Frantzian jarraitzearen aldeko jarrerak irabazi zuen, baina kontsulta batetik bestera txikitu egin zen baiezkoaren eta ezezkoaren arteko tartea. Iragan urriaren 4koan, Kaledonia Berriko herritarren %46,74 independentziaren alde agertu ziren; duela hiru urtekoan, berriz, %43,33.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.