Euskal diasporako euskara ikasleei harrera egin diete Lakuan

Argentina, Txile eta Uruguaiko 11 ikasle izan dira Lehendakaritzan. Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Mundura programaren parte dira.

Lehendakaritzan harrera egin die euskal diasporako euskara ikasleei. IREKIA
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 17a
12:56
Entzun

Euskal diasporan euskara irakasle arituko diren 11 lagun bildu dira gaur goizean Lehendakaritzan. Argentina, Txile eta Uruguaitik etorrita, Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide euskaltegi barnetegian egon dira bi hilabetez euskara gaitasunak indartzen, Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren barruan. IƱigo Urkullu lehendakariaz gain, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza politika sailburuak, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkariak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak ere egin diete harrera ikasleei.

2018tik ari da Etxepare Euskal Institutua Euskara Mundura programa kudeatzen. Ordutik, irakasleak trebatzen, atzerriko euskal etxeetako euskara eskolak diruz laguntzen, materiala bideratzen eta euskara azterketak egokitzen dihardu. Euskara eta euskal kultura mundu zabalera hedatzea helburu, azken bi hilabeteetan 11 euskara ikasle irakasle bilakatzeko trebakuntza lanetan ibili dira. Ikasleek beren jatorrizko herrialdeetako euskal etxeetan euskarako eskolak emango dituzte.

Eusko Jaurlaritzak aurretiaz ere Euskara Mundura programaren antzerako beste bat sortu zuen. 2004 eta 2005 bitartean Lektore programa bultzatu zuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, euskarako eskolak emango zituzten unibertsitate eta goi ikasketa zentroak diruz eta materialez hornitzeko helburuarekin.

Egun, ia 4.000 euskara ikasle daude Etxepare Euskal Institutuarekin harremana duten erakundeetan: munduko euskal etxeetan dauden 2.000 euskara ikasleez gain, unibertsitateekin ere badu harremana institutuak, eta 1.900 lagun inguru ari dira euskara ikasten nazioarteko 35 unibertsitatetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.