Italia

Errautsak inguratu du Sizilia, Etnaren erupzio baten ondorioz

Leherketa batek eraginda, laba eta errautsa jaurti ditu sumendiak, eta Cataniako aireportua itxi behar izan dute, keak ez zielako ikusten uzten.

2021eko otsailaren 17a
13:36
Entzun

Eguna argitu duenean, Siziliako Catania hiria eta haren ingurua (Italia) errautsez estalita zeuden zeharo, Etna sumendiaren erupzioaren ondorioz. Orduak iraun du erupzioak, eta aireportua itxi dute tarte batez haren eraginez.

Europako sumendi aktiborik altuena da Etna. Astearte arratsaldean hasi zen erupzioa, indar handiz, eta laba, errautsa eta harri zatiak bota zituen Cataniara eta ondoko herrietara. Kilometro bat baino gehiagoko ke adar bat sortu zuen ordubetez, eta Cataniako aireportuko jarduna eten zuten, keak ez zielako ikusten uzten.

Laba 1.700 bat metroraino jaitsi zen, herritarrak bizi diren ingurutik urrun, Cataniako Bolkanologia Institutuaren arabera. Gaur goizean hasi dituzte garbiketa lanak. Itxura denez, laborantzak jasan du kalterik handiena. Zenbait herritan, motoz eta bizikletaz ibiltzea debekatu dute errepidean, arriskutsua izan daitekeelakoan.

Institutuak azaldu du erupzioa ohiko fenomeno bat izan zela. 1977. urtetik gaur egun arte, antzeko ehunka erupzio izan ditu Etnak. Tarte batzuetan, bereziki handitu da kopurua: 66 izan ziren 2000ko urtarriletik abuztuara, eta 50 2011tik 2013ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.