MARTXOAREN 3A

Gasteizko San Frantzisko elizan egingo dute Memoriaren Gunea

Gotzaindegiak, Gogora institutuak, Arabako Foru Aldundiak eta udalak akordioa lortu dute 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren lekuan memoria historikoa landuko duen gunea egiteko. Memoria Gara egitasmoak xehetasun gehiago emango ditu larunbatean.

Memori Gara egitasmoak Gasteizo San Frantzisko elizaren aurrean egindako ekintza bat, 2018an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2021eko otsailaren 17a
15:04
Entzun

Gasteizko Gotzaindegiaren, Gogora institutuaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren artean akordioa lortuta, Gasteizko San Frantzisko elizan jarriko dute Memoriaren Gunea. Sinbolikoa eta adierazgarria da lekua, han hil baitzituen Poliziak bost langile 1976ko martxoaren 3an. Komunikabideen bidez zabaldu da berria, eta Memoria Gara egitasmoak jakinarazi du larunbatean zehaztapen gehiago emango dituztela: 11:00etan agerraldia egingo dute, Martxoaren Hiruaren plazan. Bihar, berriz, akordioari buruzko informazio gehiago emango dute erakundeek. Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, fundazio bat sortuko dute espazioa kudeatu eta han erakutsiko duten materiala hautatzeko.

Biktimen elkarteen aspaldiko eskaera da San Frantzisko elizan memoriaren gune bat eraikitzea, eta haien bultzadaz sortu zen Memoria Gara egitasmoa, 2018an. Ibon San Saturnino EH Bilduko Arabako koordinatzaileak iritzi artikulu batean plazaratu duenez, erakundeen arteko akordioa lortuta, «hurrengo orria idazten hasteko unea» da orain: «Martxoaren 3ko borrokarekin eta polizia indarkeriaren biktima guztiekin gizarte gisa dugun zorra kitatzen lagunduko duen espazio baten edukia, eredua eta kudeaketa definitzeko unea da». Haren hitzetan, 1976ko sarraskia azalduko duen gune «irekia, herrikoia eta dinamikoa» definitu behar dute orain, «aldi berean egiaren berri emateko, justizia egiteko eta biktimei erreparazioa eskaintzeko balioko duena». Prozesu horretan biktimak eta eragileak kontuan hartu beharko direla nabarmendu du, baita Memoria Gara egitasmoa bera ere: «Fase zirraragarri berri bat hasi da, hiriaren oroimenari, biktimen duintasunari eta Martxoaren 3ko borrokari justizia egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.