Ruanda

Paul Rusesabagina, heroia lehen, «terrorismoagatik» epaitua gero

Aldaketa Demokratikorako Ruandako Mugimenduko kidea da Rusesabagina. Alderdi hori oposizioan dago egun, eta adar armatu bat du Askatasun Nazionalerako Frontea.

Paul Rusesabagina, espetxeko jantziekin, Kigalin. EUGENE UWIMANA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 17a
16:38
Entzun

Orotara, hogei lagun esertzen dira akusatuen aulkian, tartean Paul Rusesabagina, Hotel Rwanda filmarekin ezagun egin zena, eta 1994an, Kigaliko hotel bateko kudeatzailea zela, 1.200 tutsi eta hutu genozidiotik salbatzeagatik hainbat herrialdetan heroi gisa hartu zutena. Nazioartearen babesa baliatuta, Ruandako presidente Paul Kagameren politikak salatu izan ditu Rusesabaginak behin baino gehiagotan eta oposizioko Aldaketa Demokratikorako Ruandako Mugimenduko kidea ere bada.

Belgikarra izan arren, azken urtean AEBetan egin ditu —Bruselako bere etxean sartu eta dokumentuak eraman zizkiotela salatu izan du behin baino gehiagotan—. Baina iazko udan, ustez Burundira eraman behar zuen hegazkin bat hartu zuen, baina Kigalin amaitu zuen bidaia. Han atxilotu egin zuten berehala. Askatasun Nazionalerako Frontea miliziako kide izatea egozten diote, baita hainbat hilketa eta lapurretan bultzatu izana ere. Aldaketa Demokratikorako Ruandako Mugimenduko adar armatua «talde terroristatzat» du gobernuak, eta hainbat erasoren erantzule jotzen du.

Rusesabaginaren aurka aurkeztutako frogen artean dago 2018an grabatutako bideo bat, non hoteleko zuzendari ohia agertzen den bide politikoetatik egindako ahaleginek «huts» egin dutela, eta aurrerantzean «edozein bide» dela «zilegi» aldaketa lortzeko.

Dena den, ekintzailea ez da akusatuen aulkian eseriko den bakarra. Beste auzipetuen artean dago Callixte Nsabimana miliziako eledun ohia. Ruanda hegoaldeko mugen aurkako erasoak antolatzea egozten diote Nsabimanari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.