APUSTU ETXEAK

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du jokoa arautzeko lege proposamena

Elkarrekin Podemosek proposatua zuen legea aldatzea, eta EH Bilduren babesa jaso du; ez, ordea, EAJ, PSE-EE eta PPrena. Gaur egungo arauak eguneratu eta erregulatzearen alde egin dute azken hiru alderdi horiek.

Apustu etxe bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 18a
12:50
Entzun

EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek uko egin diote EAEn jokoa arautzeko lege proposamena onartzeari, eta, hala, ez du aitzina eginen. Elkarrekin Podemosek egina zuen 1991ko legea aldatzeko erreforma proposamena, eta EH Bilduren babesa baino ez du jaso. EAJk, PSE-EEk eta PPk legea eguneratu eta jokoaren gaur egungo errealitatera egokitzearen alde egin dute, araudiaren eta planifikazioaren bitartez. Eusko Jaurlaritzak aurrez adierazia zuen lege proposamenaren aurkako kontrakotasuna, joan den abenduaren 15ean plazaraturiko ohar batean.

Apustu edo joko etxeen kopurua mugatzea proposatzen zuen Elkarrekin Podemosen testuak, bertzeak bertze: probintziako gehienez kasino bat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gehienez ere 100 joko etxe eta 50 apustu etxe, eta bingoetan gehienezko 5.000 lagunentzako tokia egotea. Era berean, lokal baten eta bertzearen artean gutienez 500 metroko distantzia egon zedila galdegiten zuen legearen aldaketak, baita joko etxeen eta eskola, unibertsitate, gazte lokal eta jokalarien errehabilitazio zentroen artean ere. Leku horietatik 500 metrotara jokoari buruzko publizitatea egotea ere debekatzen zuen, baita osasun etxe eta zentro sozial, zinema eta administrazio publikoetan ere, bertzeren artean. Adingabeak apustu etxeetan sartu ezin ahal izateko mekanismoak ere jartzen zituen lege proposamenak, eta lokal horietan sartzeko eta ateratzeko ordutegiak ere mugatzen zituen.

Iñigo Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak adierazi du beharrezkoa dela legea aldatzea gaur egungo egoerari aurre egiteko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako iturriak aipatuta eman dituen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 43.000 lagunek dituzte jokoarekin loturiko arazoak, eta gazteen %5ek luke jokoarekiko menpekotasuna. Martinezek ohartarazi duenez, halaber, Bilboko 32 ikastetxek dute joko aretoren bat 500 metrora baino gutiagora. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak gaitzetsi du EAJk eta PSE-EEk «argudio lauso eta ez juridikoekin» egin diotela uko Eusko Legebiltzarrean eztabaida zabaltzeari: «Pentsatu behar dut gehiengo absolutuagatik dela, edo esplizitatzen ari ez diren argudioak defendatzen ari dira?».

Eba Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak, bere aldetik, adierazi du «presazkoa» dela legea aldatzea, «lehen orritik azkeneraino», gero eta gazte gehiagori eragiten dieten «sustantziarik gabeko adikzioen ondorioak» eteteko.

EAJko Estibaliz Larraurik adierazi du beharrezkoa dela gaia lantzea, baina ez Elkarrekin Podemosek egindako moduan. Araudia aldatzea da egokiena, jeltzaleen ustez, «malguagoa» baita: Larraurik jakinarazi du iaz hasi zutela proiektu hori, eta «laster» bukatuko dutela. PSE-EEren ustez ere «egokiagoa» da azken hori.

Eragin Bilboko gazteen taldeak Legebiltzarreko eztabaida jarraitu du gaur, eta Unai Sainz taldeko kideak Eusko Legebiltzarrak gaiarekiko duen «interes falta» gaitzetsi du eztabaidaren akaberan. Instituzioek gazteen ludopatiarekiko duten «pasibotasuna» salatu du apustu etxeen aurkako gazte taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.