Errenta

Baldintzarik gabeko oinarrizko errenta eskatzeko herri ekinaldi legegilea aurkeztu dute

EAEko herritar bakoitzari oinarrizko errenta bat ematea proposatu dute: 270-900 euro artekoa litzateke, adinaren arabera. Eusko Legebiltzarrean erregistratu dute ekinbidea.

Eusko Legebiltzarraren aurrean aurkeztu dute ekimena, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/FOKU
aitor biain
2021eko otsailaren 18a
13:33
Entzun

Eusko Legebiltzarreko mahaian aurkeztu dute goizean baldintzarik gabeko oinarrizko errenta eskatzeko herri ekinaldi legegilea. Pobreziarekin amaitzeko eta pertsona guztientzat eskubideetan aurrera egiteko «tresna» gisa aurkeztu dute proposamena.

Modu horretan, ekinbideak jasotzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar orori gutxieneko ordain bat ematea. Kopuru hori, EAEko pobrezia mailaren araberakoa litzateke: hau da, proposatu dute 18 urte baino gehiagoko herritarrentzat 900 eurokoa izatea errenta; zenbateko horren erdia 14 eta 18 urte bitartekoentzat; eta, %30a 14 urtetik beherakoentzat  –270 euro–. 

Herritar talde bat dago ekinaldi legegilearen sustatzaileen atzean; pobreziaren, bazterkeriaren eta giza eskubideen aldeko borrokan ari diren hamazazpi pertsona, zehazki.

Sustatzaileek proposatu dute oinarrizko errenta hori «eskubide subjektiboa» izatea, eta EAEko aurrekontu orokorren bitartez finantzatzea. «Hezkuntza edo Osasuna sistema publikoak babestutako oinarrizko eskubideak eta eskubide unibertsalak diren bezala, baldintzarik gabeko oinarrizko errentak eskubide berri bat gehituko lieke pertsona guztiei, hileko diru sarrera unibertsal eta baldintzatu gabeko baten bidez, pertsona guztiei bizitza duina izateko baldintza material nahikoak ahalbidetzeko», adierazi du Bego Oleaga bozeramaileak.

Sinadura bilketa
Proposamena legebiltzarrean erregistratu ondoren, ganberako mahaiak aztertu eta erabakiko du herri ekinbide legegilea tramitera onartu edo ez. Onartuko balitz, eskaerak gutxieneko babes herritar bat izan beharko luke: hau da, 10.000 sinadura bildu beharko lituzke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Hori horrela, gizarte zibileko erakundeei eta ekinbidean interesa duten norbanakoei bat egiteko eskatu diete sustatzaileek. «Baldintzarik gabeko oinarrizko errenta batekin pertsona guztiok irabazten dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.