Arrazakeria

Bilbon gizon beltz bati egindako eraso arrazista salatu du SOS Arrazakeriak

20 eta 25 urte bitarteko gazte zuri batzuek 52 urteko gizon beltz bat jipoitu zuten otsailaren 13an, Bilboko Errekalde auzoan. Gertakariak ikertzeko eta «zigorrik gabe ez uzteko» eskatu du arrazkeriaren kontrako taldeak.

Arrazismoaren kontrako protesta bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko otsailaren 18a
17:21
Entzun

Bizkaiko SOS Arrazakeriak gazte zuri batzuek gizon beltz bati egindako eraso arrazista salatu du ohar batean. Otsailaren 13an izan zen erasoa, Bilboko Errekalde auzoan, arratsaldeko 20:30ak aldera. 52 urteko gizonezko beltz kolonbiar bat da biktima, eta arrazkeriaren kontrako taldeak salatu du 20 eta 25 urte bitarteko sei gazte zurik jipoitu zutela. Gertakariak ikertzeko eta «zigorrik gabe ez uzteko» eskatu du.

Lagun bat bisitatzetik etxera bidean zihoala, gazte batek errieta egin zion, eta etxebizitza horretan zertan ari zen galdetu zion oldarkor, SOS Arrazakeriak azaldu duenez. Eztabaida labur baten ondotik, gizona autora abiatu zen, baina gaztea atzetik joan zitzaion, eta, halako batean, okindegi bateko erakusleihoaren kontra zokoratu zuen, lepotik helduta. «Biktima ihes egiten saiatu zen, eta erasotzailea 'lapurra!' oihukatzen hasi zen. Orduan, erasotzailearen lagunak agertu ziren, eta guztien artean hura jipoitzeari ekin zioten», kontatu du SOS Arrazakeriak. Azpimarratu du 20 eta 25 urte bitarteko sei gazte zirela: bost gizon eta emakume bat.

Biktimak ihes egitea lortu zuen, aurpegian eta gorputzean kolpe ugari jasota, baina erasotzaileetako batek atzetik harrapatu zuen; kamiseta urratu, eta lurrera bota zuen. Espaloiko zutoin baten kontra erori zen, eta kolpe handia hartu zuen belaunean eta buruan. Handik gutxira, Udaltzaingoaren patruila bat agertu zen, kasualitatez, eta anbulantzia bati deitu zion. Biktima Basurtuko ospitalera eraman zuten.

SOS Arrazakeriak nabarmendu du 52 urteko gizonak jasandako «eraso bortitza» indarkeria arrazista dela, eta «argi eta garbi» erakusten duela bestelako arrazen ezaugarriak dituzten herritarrek jasaten duten «indarkeria iraunkorra eta egiturazko diskriminazioa». Halaber, ohartarazi dute indarkeria arrazista ezin dela bereizi «iruditeria kolektiboan errotutako estereotipoak eraikitzeko dinamiketatik, aurreiritzietatik eta ekintza nahiz jarrera baztertzaileetatik». Arrazkeriaren kontrako taldearen iritziz, «gizarte osoak modu zabalean» partekatzen ditu fenomeno horiek, eta «legeekin, politikekin eta hedabideen eta sareen bitartez zabaldutako mezu diskriminatzaileekin sendotzen dira».

SOS Arrazakeriak erran du horrelako jokabideak ezin direla «inolaz ere» onartu: «Irmotasunez gaitzesten ditugu, eta ikertzeko eta zigor barik ez uzteko eskatu nahi dugu». Era berean, elkartasun, babes eta laguntza osoa adierazi die biktimari eta haren ingurukoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.