Argentina

Sei urtetik bizi guztira arteko kartzelaldiak ezarri dizkiete diktadura militarreko zortzi erantzuleri

Esma makroprozesuko laugarren epaiketaren sententzia jakinarazi dute. Akusatuak 1976 eta 1979 bitartean egindako 800 bat krimenengatik kondenatu dituzte: besteak beste, torturak, bahiketak eta umeen lapurretak.

Emakume bat Buenos Airesen, 2017an, hirugarren epaiketako sententzia entzun aurretik. Zenbakiak desagertuei egiten die erreferentzia. CARLOTA CIUDAD / EFE
ander perez zala
2021eko otsailaren 18a
19:27
Entzun

Argentinako diktadura militarreko (1976-1983) zortzi erantzuleri sei urtetik bizi guztira arteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete garai hartan egindako hainbat deliturengatik. Esma Armadaren Mekanika Eskolaren prozesuko laugarren epaiketa handiena izan da biktima kopuruari dagokionez —816—, eta akusatuek, besteak beste tortura, bahiketa eta umeen lapurreta krimenengatik jaso dituzte espetxealdiak.

Esma herrialdeko atxilotze gune garrantzitsuena izan zen Argentinako diktadura garaian. Militarrek han eduki zituzten, atxilotuta, diktaduraren kontrako ustezko 5.000 ekintzaile; torturatu egin zituzten, eta horietako asko hil.

800 krimen baino gehiagoren egile direlakoan zigortu dituzte sei militar ohi, polizia bat eta inteligentzia zibileko agente bat. Daniel Horacio Obligado epaileak sententzia irakurtzean argudiatu duenez —era birtualean egin du—, Esma IV gisara ezagun egin den epaiketako gertakariak «gizateriaren aurkako delituak dira, eta, hortaz, ez dute iraungitze datarik».

Sei urteko espetxealdia jaso duen Claudio Vallejosek jada pasatu du denbora hori kartzelan, eta, hortaz, epaileak betetzat jo du ezarri dion kondena. Carlos Nestor Carrillok, Jose Angel Iturrik, Jorge Ocaranzak eta Ramon Roque Zanabriak, berriz, hamabost urteko igaro beharko dituzte kartzelan, eta Raul Armando Cabralek, Carlos Mario Castellvik eta Miguel Condek, bizi osoa. Fiskaltzak azken zigor hori eskatu zuen akusatu guztientzat, Vallejosentzat izan ezik.

Duela hamabost bat urte hasi zuten Esman gertatutakoa argitzeko ikerketa judiziala. Diktadura garaiko erantzuleek aske bizi ahal izan zuten urtez luzez, baina hori bukatu ostean epaitu eta heriotza zigorra ezarri zieten, Raul Alfonsin estatuburu zela (1983-1989).

Alfonsinen ostean Carlos Menemek hartu zuen Argentinako presidentetza, eta karguan haren aurrekoak armadaren presiopean bultzatutako inpunitate legeak deitutakoak onartu zituzten, orotara 1.200 bat pertsona induldatuz.

Auziari hurrengo itzulia Nestor Kirchnerrek eman zion, 2003an estatuburu kargua hartu zuenean, diktadurak iraun zuen zazpi urteetan gizateriaren kontra egindako krimenak ezkutatzen zituzten legeak bertan behera uztea erabaki baitzuen. Ordea, Auzitegi Gorenak hautu hori balioztatu zuen 2005ean.

Hala, giza eskubideen kontra Esman egindako urraketak biltzen zituzten kausa judizialei heldu zieten berriro, baina biktimak zein horietan nahasita zeudenak hainbeste zirenez, lau epaiketa egitea ebatzi zuen Gorenak. Atzokoa laugarrena izan da, eta 2018ko abuztuan hasi zuten.

Hirugarrenean ere, bizi artekoak

Hirugarrena, hain justu, urtebete lehenago amaitu zuten, 2017an, eta Buenos Airesko auzitegi federal batek ebatzi zuen hainbat militarri bizi osoko kartzela zigorra ezartzea. Zigor txikiagoak ere izan ziren, eta batzuk, zibilak tartean, absolbitu egin zituzten.

Epaiketa horrek bost urte iraun zuen, eta 54 akusatuak kartzelan zeuden jada, beste delitu batzuengatik. Zehazki, 1976 eta 1979 bitartean atxilotze gunean gertatutako 789 deliturengatik zigortu zituzten; 900 lekukok parte hartu zuten epaiketan, eta horietako 400 ziren Esmatik bizirik irautea lortu zutenak.

Inputatuen artean zeuden, besteak beste, heriotzaren hegaldiak deitutakoen erantzuleetako zortzi. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Latinoamerikako diktadurek erabilitako metodoa zen jendea hiltzeko eta gorpuak desagerrarazteko. Lasaigarriak ematen zizkieten atxilotutakoei, igotzen zituzten armadaren hegazkin batera, eta La Plata ibaira edo Ozeano Atlantikora botatzen zituzten, gorpuen arrastorik ez uzteko. Metodo hori erabilita 4.000 bat pertsona hil zituzten Argentinako militarrek.

Bigarren epaiketa 2011n bukatu zen, eta hamasei lagun zigortu zituzten: hogei urteko kartzela zigorretik bizi arteko espetxealdira. Lehen epaiketa 2007an amaitu zuten, eta inputatu bakarra zegoen; auzitegian deklaratu baino lau egun lehenago, Hector Febres bere espetxeko gelan hilda agertu zen —zianuro dosi handi bat hartu ostean—.

2004az geroztik, Esmak beste zeregin bat du, Memoriaren eta Giza Eskubideen Espazioa ireki baitzuten mende laurden lehenago jendea torturatzen eta hiltzen zen leku berean. 35 eraikineko espazioa da, eta barnebiltzen ditu, besteak beste, erakusketa gelak, artxibo bat, eta gobernuaren bulegoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.