Enpresak

Bon Preuk hautsitzat jo ditu Eroskiri Caprabo erosteko negoziazioak

Eroskik 1.500 milioi euro ordaindu zituen Capraboren truke 2007 eta 2012 artean, baina ez dio nahi zuen etekina atera inbertsioari.

Caprabo supermerkatu bat, Burlatan. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 18a
20:01
Entzun

Eroskik ez du, oraingoz behintzat, Caprabo salduko. Supermerkatu horiek Bon Preu kateari saltzeko negoziazioek huts egin dutela jakinarazi du Kataluniako enpresak.

Eroskik 2007an erosi zuen Capraboren %75, hedapen betean zegoen garai batean, eta krisi ekonomiko sakon bat hasi bezperan. Katalunian ez ezik, Balear uharteetan eta Nafarroan hedatuta zegoen Kataluniako supermerkatu katea. 2012an amaitu zuen operazioa, Caixari (%9) eta Bonet familiari (%16) gainontzekoa erosita. Guztira, 1.500 milioi euro kostatu zitzaion, eta ez da gai izan inbertsio horri etekina ateratzeko.

Are gehiago, Capraboren truke ordaindutako prezioak asko puztu zuen Eroskik bere hedapenean pilatutako zorra, 4.000 milioi eurotik gorakoa, noiz eta Atzeraldi Handiaren ondorioz kontsumoa apaldu zenean. Azken urteetan zor hori arintzen aritu da Eroski, dela bere emaitzen kontura, dela saltokiak, merkataritza zentroak eta filialak (If lurrindenda katea) salduta.

2019an, geratzen zaion zorra itzultzeko akordio bat lortu zuen Elorrioko kooperatibak bere banku hartzekodunekin. Akordio berriak ez du derrigortzen negozioak saltzera, baina kooperatibak onartu du aukera mahai gainean dagoela. Negozio batzuetarako finantza bazkide bila aritu da, baina negozioak osorik saltzeko aukera baztertu gabe. Caprabo osorik erosteko hautagai sendoena zen Bon Preu, azken urteetan asko hedatu baita Joan Font jabe duen katea. Aurten, esaterako, beste hamaika denda zabalduko dituela jakinarazi du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.