Reala 0-4 Manchester United

Deabru gorrien infernuan erre da

Manchester Unitedek astindu egin du Reala; donostiarrek ia ezinezkoa dute Europan aurrera egitea. Txuri-urdinak uzkur aritu dira, eta defentsako hutsek nahiz aurkarien kontraerasoek zigortu dituzte.  

Bruno Fernandes, Manchesterren lehendabiziko goleko jaurtiketa egiten. Portugaldarrak bi gol egin ditu. ALESSANDRO DI MARCO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko otsailaren 18a
22:06
Entzun

Arrazoi zuen deabruak izaki beldurgarriak direla iradoki zuenak. Reala kikildu egin da Manchester Uniteden aurrean, eta ikaratuta igaro du partida osoa. Deabru gorriek infernu bilakatu dute txuri-urdinek paradisu desio zutena, eta arerioaren garretan  erreta amaitu dute Europa ligako final-hamaseirenetako joaneko neurketa. 

Astindu galanta eman dio Ingalaterrako taldeak, eta Europa ligan aurrera egiteko ia aukerarik gabe dira donostiarrak. Itzulerakoan balentria handia egin beharko dute kanporaketa gainditzeko, historiarako geratuko den zerbait. Infernutik salbatuko dituen mirari bat. Nahiz eta, hasiera batean, Realak soberan duen Old Traffordeko partida. Errealitatea tristea da batzuetan.

Aurrera egitekotan, markagailua ez da irauli beharko duen bakarra. Baita partidari heltzeko modua ere. Reala artega aritu da Manchesterren aurka. Gutxi iraun dio bezperatako suhartasunak. Txikiak handia jan nahi zuen, baina halakorik ez da gertatu. Unitedek bere legea ezarri du beste munduko distirarik egin gabe: nahikoa izan zaio bere lana polito egin, eta taldearen ikurra jokalarien bularrean ikusaraztea. Deabru gorri baten irudia duen huraxe. Horrek beldurtu du Reala.

Talde mitikoa da Manchester, eta historiaren arrastoak eragina izan du Juventus Stadiumeko berdegunean. Arrotz sentitu da Reala, eta ez Donostiatik urrun etxeko izateagatik soilik. Ez zegokion neurketa batean arituko balitz bezala jokatu dute txuri-urdinek, nahiz horra iristeko nahikoa meritu egin. Oker atera zaio dena.

Egiari zor, Reala izan da lehendabiziko gol aukera izan duena. Zoro hasi da norgehiagoka, eta Adnan Januzajek lehendabiziko minutuan jaurtiketa bat egin du. Segidan, bi areatan egon dira atzelarien hutsak, bata bestearen atzetik. Bosgarren minutua betetzeke zegoen.

Hortik aurrera, kito. Pixkanaka, Unitedek bere lekua egin du zelaian, eta gutxika-gutxika nagusitu egin da. Bigun aritu da Reala, atzeko lerroan bereziki. Imanol Alguacilen jokalariek defentsan egindako hutsek eta kontraerasoko azertuek eman diote garaipena Manchesterri. 

Ole Gunnar Solskjaerren futbolariek 27. minutuan egin dute estreinako gola. Bruno Fernandesek egin du, taldearen gidariak. Alex Remirok ez  du asmatu baloiaren bila joaterakoan, eta atzeko lerroan izandako nahasmena probestu du 0-1ekoa egiteko. Remirok egin ditu akatsak, baina harengatik izan ez balitz, kontrako gol gehiago jasota itzuliko zen Reala. Behin baino gehiagotan salbatu zuen Reala lehendabiziko zatian. 

Hein batean, Remirok saihestu du Manchesterrek atsedenaldira artean gol gehiago egitea. Atezainak, eta txuri-urdinek izandako suspertze txiki batek. Partida maldan gora jarri orduko aurrera egin du taldeak, eta jokoa hobeto antolatzen hasi zen. 

Bigarren zatiko erauntsia

Bigarren zatiak ere halaxe ekin dio ere, ilusio faltsu bat izan da. Manchester Unitedek bigarren gola egin du 57. minutuan, eta hortxe amaitu dira Realaren indarrak. Defentsako beste akats baten ostean, Bruno Fernandesek Jamesek emandako pase bat probestu du baloia sarean sartzeko. Hasiera batean jokoz kanpokoa adierazi du epaileak, baina berehala zuzendu du erabakia. 

Deabru gorriek nagusitasun handia erakutsi dute, eta nahieran aritu dira partidaren azken zatian. Estutu ahala gola egin dute, eta, bestela, joka zezala Realak. Tankera beretsukoa izan da 0-3koa ere. Protagonistak izan dira bestelakoak. Greenwoodek pase bikaina eman dio Rashfordi, eta aurrelari ingelesak bikain amaitu du jokaldia. 

Horrez gero, ahalik ondoen eustea izan da Realaren xede bakarra. Halere ezin, ordea. Arauzko denbora betetzear zela, Jamesek laugarren gola egin du.  Hegaletik abiatu eta gola egin arte segi du, astinduari ginga jartzeko. Txuri-urdinak datorren ostegunean berriz ariko dira deabru gorrien kontra. Haien etxean, bertako giltzen jabe direnean. Ez al da halako infernua izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.